Ikasturtea estreinatu dute Udarregin, estalki berri eta guzti

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 7a, 09:29

DBH-ko ikasleen ondotik, HH eta LH-koen txanda astearte honetan. Ikastolara itzuli berri dira, udako oporren ostean. 

Goizeko 8:45 pasatxoan Udarregi Ikastola inguruak zuen itxura. Berriz ere haur eta gurasoen joan etorrien topaleku Gernika ibilidea, ia hiru hilabeteko oporraldiaren ostean. Astearte honetan zuten jarria eguna; irailaren zazpigarren honetan itzuli dira HH eta LH-ko ikasleak ikastolara. DBH-koek astelehenean izan zuten aurkezpen eguna, gaurtik klaseak.

Ikasgeletara itzulera eguna berrikuntzekin aurten; Agerialdeko patioko frontoia eraberritu eta estalki eder askoa jarri diote. Usurbilgo Udaletik, 2021-22 denboraldirako kirol eskaintza aurkezteko astelehen honetan egindako agerraldian azpimarratzen zuten moduan, kirol gune berri bat irabazi du ikastolak eta herriak, arlo honetako jarduerak bideratzeko. 

Estalkiaz gain, covid19ak baldintzatuko duen bigarren ikasturtea izango da honakoa. Berriz ere musukoak ikusi ditugu, 6 urtetik gora zituzten ikasleen artean. Taldeka batu dira ikastola atarian, oraindik orain pandemia gainditu ez dugunaren seinale. Gogoan izan, covid19ari aurre egiteko iazko ia neurri guztiei bere horretan eutsiko diete gaurkoan estreinatu berri duten ikasturte honetan ere. "Ikasturte honetan ikastetxeetan jarraituko dute segurtasun-distantziek (1,5 m), higiene-neurriek, aireztapen egokiak, kontaktu mugek edo maskarek", ohartarazia du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Eskolaz kanpoko jarduerak bermatzeko protokoloa ere landua dute.