NOAUA!ren 25. urteurrenaren aitzakian, “Kafe garaia” izeneko atala abiarazi dugu. Beraz, ezer baino lehen: non zeunden duela 25 urte?
Idoia Torregarai: Ba NOAUA! aldizkaria sortzen laguntzen! Hasierako talde horretako kide izateko zortea izan nuen. Orduan kazetaritzako ikaslea nintzen Leioako campusean, eta han inguruan bizi nintzen Ainhoa Azpirotz eta Josu Aranberrirekin batera. Herri aldizkari bat sortzekotan zirela jakin genuenean segituan sartu ginen. Azken batean, guk nahi genuen zerbaitekin lotzen zen. Oso momentu polita izan zen, hala irudikatzen dut orain. Herriko jende pila bat bildu ginen une hartan, adin eta esparru desberdinetakoak.
Egitasmoa bultzatzeko jende asko batu zen, beraz.
Herri ekimenez sortu zen NOAUA eta horretaz oso harro nago. Gogoan dut nolako bilerak egiten genituen, asanblearioak... Eta gogoan dut izena jartzeko egin genuen bileraz ere. Izen asko atera ziren eta azkenean NOAUA! aukeratu genuen. Gerora, aldizkaria jada sortuta zegoela, kazetari bezala hasi nintzen lanean.
Eta 25 urte eta gero, NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakaria zara.
Nahiz eta nire bizitza eta nire ogibidea beste toki batzuetatik joan, horrek esan nahi du NOAUA!rekiko haria edo zilborrestea beti mantendu dudala. Eta hementxe nago orain, ospakizunetan, kar, kar, kar.
“Hedabideen itsaso handian tanta batzuk gara oraindik”
NOAUA! kultur elkarteko lehendakaria izateaz gain, Berria egunkariko administrazio kontseiluko kide zara eta Euskadi Irratian eta Ttap aldizkari digitalean kolaboratzen duzu. Papera, euskarri gisa, hilzorian dela entzun dugu azken hamarkadetan, baina pisu handia du oraindik, ezta?
Idoia Torregarai: Zalantzarik gabe, eta horregatik ez da desagertu. Papera beharrezkoa da oraindik eta are gehiago euskal hedabideontzako. Hau da, eskuetan izatea produktua. Tabernetan egotea, kontsultetan, etxeetako mahai gainetan... Oso garrantzitsua da presentzia fisikoa. Zergatik? Itsaso handi horretan tanta batzuk garelako oraindik. Behar dugu egotea besteekin batera, euskarari bere garrantzia emateko.
Hala ere, begibistakoa da kazetaritzaren etorkizuna sarean dagoela, hala ez?
Egia da Internet sareak azkeneko urte hauetan izugarrizko aldaketak ekarri dituela gizartean. Komunikabideetan ere igarri da aldaketa. NOAUA!n ere ikusi da, zer nolako pisua duen web orrialdeak gaur egun, eta albisteak momentuan emateak. Euskaldunoi eta euskal medioei eskatzen zaigu oso lan fina egitea, hau da erreferentziazko lana egitea, pandemia garaian gertatu den bezala. Eta emaitzetan ikusi da. Pandemia garaian, NOAUA!n eta euskal hedabideetan igo egin dira bisitak. Eta horrek esan nahi du erreferentzia garrantzitsuak direla euskarazko komunikabideak. NOAUA! edota Berria egunkariaren kasuan, presentzia fisikoa edukitzea oso garrantzitsua da gaur egun, eta iruditzen zait aurrerantzean ere hala izango dela, oraindik eta kostako zaiola desagertzea.
NOAUA! Paradigma aldaketa eman da oso denbora gutxian. Informazioaren jarioa horizontaldu, ugaldu eta nahaspilatu egin da. Paradigma aldaketa horren albo-kalte bat: euskaldun asko erdaraz ari dira sare sozialetan. Erronka handienetakoa hauxe izango da akaso: euskaraz jardute hutsa erakargarri egitea, ezta?
Idoia Torregarai: Sareko bizitza, azken batean, errealitateko edo aurrez aurreko bizitzaren isla bat da. Lehen esan dudan bezala, itsaso zabala da erderetakoa eta izugarrizko indarra dauka horrek. Erderetakoa komunikabideetatik-eta etortzen zaigu baina sarean are errazagoa da indar hori ikustea, ezta? Zenbat gauza dauden ingelesez, frantsesez... gazteentzako batez ere. Eta itsaso horretan, euskararen tanta are txikiagoa dela iruditzen zait. Eta hala ere, euskaldunok daukagun zortea da euskararen presentzia handia dela bertan. Beste hizkuntza gutxituekin alderatuta, oso ona eta oso altua da. Tren hori harrapatu dugula esan nahi du horrek. Wikipediatik hasita, beste 1.000 aplikazio daude eta lortu behar duguna da horri guztiari erabilgarritasuna ematea. Adibide bezala, Egunean behin lehiaketa datorkit burura. Egunean behin-ek 50.000 edo 60.000 euskaldun jarri ditu egunero euskaraz jolasten. Horretan asmatu du. Euskara indartzen duzu horrela, modu ludiko batean. Eta euskara zabaltzen duzu eta balioztatzen duzu.
Hori da bidea, hortaz.
Hori da bidea, baina bestetik, euskaldunok euskaraz bizitzeko ahalegin bat egin behar dugu egunero. Esfortzu bat egin behar dugu. Hau da, ezin dugu alperrak izan. Adi egon behar dugu beti. Nahi hori egunero-egunero berretsi behar dugu eta horren aldeko hautua egin behar dugu. Usurbilen euskaraz bizitzeko zortea dugu, baina gero zuk eguneroko martxan hautu bat egin behar duzu euskaraz egiteko, baita Usurbilen ere. Nekeza dela euskaldun izatea, norbaitek esan zuen bezala. Hizkuntza gutxitu batean bizi gara, egoera diglosiko batean, bi hizkuntza handiren aldamenean, hirugarrena ere (ingelesa) oso hegemonikoa denean sarean... Beraz, ahalegin hori egunero-egunero egin behar dugu. Hori da gure Sisiforen metafora. Harria daukagu beti gainean. Baina tira, gozatzen ere saia gaitezen.
“Umorearen galbahetik pasatako bizitza bizi nahi dut”
NOAUA! UEUko komunikazio arduraduna zara. Baina askoren begietan ordea, umoregilea zara. Horoskopoa egiten duzu NOAUAn, Euskadi Irratian aritzen zara astero, ETB1eko Barre Librean ikusi izan zaitugu, Berriako tira komikoetan zure txioak irudi bihurtzen dira... Umorea txikitatik gertu izan duzun osagaia izan da. Txispa hori genetikoa duzula esan al daiteke?
Idoia Torregarai: Umorea egiten ere, ikasi egiten da. Argi dago. Gero eta gehiago entrenatu, gero eta gehiago erabili, hobeto moldatuko zara. Dena bezala. Adibidez, ni ez naiz joko olinpikoetara joango inoiz. Nire gorputza ez dago diseinatuta kirolerako, baina horretan ez dut trebatu, ezta? Umorearekin berdin gertatzen da.
Egia da nik etxean dagoeneko bi irakasle oso on izan ditudala. Nere aita, Joxe, Usurbilgo txiste kontalaria eta plazagizona. Beretik ikasi nuen segituan umoreak gizarte mailan zer nolako eragina zeukan, bizitzari aurre egiteko garaian. Hori segituan ikusi nuen, zenbat estimatzen zuen jendeak. Ironiarekin edo ironiarik gabe, berak esandakoak nola hartzen zituen jendeak kontuan.
Nire ama aldiz, ezagutu dudan pertsonarik optimistena izan da, baita momentu txarrenetan ere. Aurrera egiteko erakutsitako erresilentzia hori... Horiek denak ikasketa batzuk izan dira niretzat. Nik gero hautu politiko bat hartu nuen; umorearen galbahetik pasatako bizitza bizi nahi dut. Horrek ekarri du gainerako guztia. Batekin eta bestearekin kolaboratzen hastea. Une honetan, umorearen erregistroa bada bizitza bizitzeko modu bat eta aurrera egiteko modu bat.
“25 urteotan, hobetzeko eta zerbitzu hobeago bat eskaintzeko grina izan du NOAUA!k”
NOAUA! Euskararen normalizazioan eragiteko sortu zen NOAUA! Kultur Elkartea. Hedabide gisa, paperean eta sarean ari gara. Elkarte bezala, kultura arloan eta aisialdian. Bistan da lan asko dagoela egiteko oraindik. 25 urteko ikuspegia duzun aldetik, NOAUA!k zer du faltan eta zer du soberan?
Idoia Torregarai: A ze galdera! Ideia berrietara moldatu beharra dago beti. Ezin duzuna da 25 urtez gauza berdina egiten jarraitu. Zergatik? Ba gizartea ere aldatu egiten delako. Eta NOAUA!k hori oso ondo egiten jakin duela uste dut. Sarerako saltoa eman behar izan denean, sareko saltoa eman du. Ikus-entzunezkoak pisu gehiago behar izan duenean, NOAUA!k pisu gehiago eman dio. Atal ezberdinak moldatu behar izan direnean ere, asmatu du moldaketak egiten. Beraz, uste dut proiektu bizia dela NOAUA!. Eta hori oso inportantea iruditzen zait. Ez gelditzea bertan goxo. Hobetzeko eta zerbitzu hobeago bat eskaintzeko grina izan du. Kontuan izan behar dugu NOAUA! komunikabide bat dela eta komunikabide batek garrantzia handia duela gure gizartean. Gizarteak ondo informatuta izateko eskubidea du eta beraz, kazetariok ere badaukagu kode deontologiko bat, ondo informatzeko. Beraz, argi ibili behar da. Oinarrizkoa den eskubide baten gainean ari gara. NOAUA!n hori primeran egin da 25 urteotan. Momentu honetan NOAUA!rik gabeko Usurbil bat ez dut irudikatzen. Ez nik eta ezta beste askok ere. Zeren Usurbilen gertatzen denaren berri NOAUA!ren bidez jasotzen baitute. Erreferentzia nagusia da eta erreferentzia indartsu bat gainera. 25 urteren buruan hori lortzea oso inportantea da. Beraz, zorionak esan behar zaio lan-talde guztiari. Faltan botatzen dut betikoa. NOAUA! herriak sortutako proiektu bat da, bere bidea egin duena eta bere lan-talde profesionala daukana. Dagoeneko 25 urte pasa dira eta dena eginda dagoela dirudi. NOAUA!k ondo funtzionatzen du eta badirudi ez duela ezerren beharrik, baina asko dago egiteko oraindik. Bai NOAUA! komunikabidean eta baita NOAUA! elkartean ere. Horregatik, eskertuko nuke herria eta NOAUA! berriro pixka bat gerturatzea.
Belaunaldi berriak gehiago inplikatuz akaso?
Badakigu beste garai batzuk direla. Ba beste era batera heldu beharko dugu eurengana. Ezin dugu orain dela 25 urteko ereduekin funtzionatu gaur egun. NOAUA!n gazteak inguruan ditugu, aisialdiaren bidez eta beste arlo batzuen bidez. Nora joan nahi dugun ikusteko, inportantea da jakitea nondik gatozen. Herri guztia gonbidatuko nuke beraz, NOAUA!ra gerturatzea, eta era batera edo bestera parte hartzera.
NOAUA!ko ateak beti daude irekita, ezta?
Beti daude irekita eta beti dago zereginik. Gauza txikietan zein handietan. Eta horrek ematen dio aberastasuna NOAUA!ri. Ez nituzke ahaztu nahi, urte hauetan guztietan herri aldizkari hau posible egin dutenak: Lan-taldekoak, banatzaileak, publizistak, kazetariak eta bazkideak. Bazkideek sortu zuten NOAUA!, eurena izan zen lehenengo bultzada. 25 urte beranduago, bazkide horiek guztiak eskertu behar ditugu. Egin duten ekarpen ekonomikoaz gain, babes hori eskaini dutelako. “Hemen gaude, proiektu honetan sinisten dugu” esatera datorren babesa izan da. Beraz, hori esan gabe behintzat ez nuke bukatu nahi. Denon indarrak batuta ateratzen dela NOAUA! aurrera.
Bideo-elkarrizketaren grabazioa eta edizioa: Luis Jambrina.