Kafe Garaia

Jon Irazustabarrena: “Ez naiz futbol jokalaria kontsideratzen, atezaintzat daukat nire burua”

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 18a, 08:41

Jon Irazustabarrena Lizarralde atezaina da. 35 urte ditu eta ibilbide oparoa osatu du futbol munduan. Azken denboraldiak Irungo Real Union futbol taldean egin ditu. Atezain izateaz gain, pilota irakaslea eta Zirimarako begiralea da. 

NOAUA! herri aldizkariak 25 urte bete ditu. Zu non zeunden duela 25 urte?
Jon Irazustabarrena: Duela 25 urte hamar urte edukiko nituen. Eta ikastolan ez bazen, ba kalean egongo nintzen. Orain hemen frontoian ikusten ditugun ume hauek bezalaxe. Kalean pasatzen genuen eguna. Garrantzitsuena hori zen, lagunekin egotea. Kalekumeak esaten dena, ba horixe ginen gu. Kalekumeak.

25 urteotan aldaketa handiak eman dira. Arlo guztietan eman ere. Maila sozialean, eskuko telefonoak plazako petrileko berriketaldia ordezkatu du. Zuk futbolari gazteagoekin jokatu duzu azken urteotan. Horretaz aparte, pilota irakaslea ere bazara. Hainbesterako al da edo akaso esajeratzen ari gara? 
Batzuoi aldaketa honek gaztaroan harrapatu gaitu; pantailaren eta sare sozialen garaia... Baina ume batzuk edo nire taldekide batzuk oso txikitatik bizi izan dute hau dena.

Betidanik.
Hori da. Betidanik ezagutu dute. Nik adibidez, ez nuen sare sozialak ondo kudeatzen asmatu eta horregatik kendu egin nituen. Baina taldeko aldagelan adibidez, ikusten dut jendea pantailaren mende bizi dena. Pantailari eta sare sozialei. Hori bai nabaria dela. Eta kalean ere begibistakoa da. Frontoian,  pilota saio bat ematen ari naizenean, inguruan beste bizpahiru daude eskuko telefonoarekin. Eta hori lehen ez zen gertatzen.

 

Atentzioa deitu behar izan al diezu?
Bakoitzak jakingo du zer egiten duen, ezta? Hala ere, konfinatuta egon ginenean oso zaila zen pantaila sahiestea. Kalera ateratzeko aukera izan genuenean ordea, jendea konturatu zen beste gauza batzuk ere badaudela, pantailaz haratago.

“Pandemiari esker, umearekin denbora gehiago egoteko aukera izan dut”
NOAUA! Pandemia hasi zenetik urte eta erdi igaro da. Etxean nola eraman duzue pandemiak ekarri duen guztia?
Etxean, egia esan, oso ondo. Etxekoekin egoteko aukera gehiago izan dut. Futbol partidengatik,  asteburu asko ez dauzkat libre. Pandemiarekin ordea, umearekin egoteko aukera gehiago izan ditut. Zentzu horretan, opari bat izan dela esango nuke. Baina faltan bota dut senideekin edota lagunekin egotea. Asko baloratu dut hori; familiakoekin edo lagunekin egoteko denbora. Orain gehiago baloratzen dut hori dena eta uste dut denbora hori gehiago aprobetxatzen dudala une honetan.

Gertukoekin egoteari garrantzia handiagoa ematen diozu.
Uste dut oso garrantzitsua dela eta arlo sozial hori beharrezkoa dugula inoiz baino gehiago. Beti izan da beharrezkoa baina lehen igual ez genion horrenbesteko garrantziarik ematen eta orain bai.


“Ez naiz futbol jokalaria kontsideratzen,
atezaintzat daukat nire burua”
NOAUA! 2. B Maila berrantolatu egin zen iaz eta Irungo Real Unionek RFEF Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Klubaren etorkizunari begira, gakoa izango zen igotzea, ezta?
Azken hiru denboraldiak oso txarrak izan dira. Asko  sufritu dugu. Jaisteko arriskua hor egon da azken urteotan. Jokalariontzat eta Real Union klubarentzat pauso handia izan da.  Taldea egonkortzeko garrantzitsua izan da maila horretara igotzea.

Pilota eta eskubaloia tradizio handiko kirolak dira Usurbilen. Baita futbola ere. Txikitatik argi izan al zenuen futboleko atezain izan nahi zenuela?
Atezaina, bai. Atentzioa deitzen zidan edota nik  atentzioa deitu nahi nuen akaso, atezainaren jokoa ikusgarria delako. Gustuko nuen lurrera botatzea, salto egitea, arropa zikintzea... Golak sartzen zituenaren    sentsazioak nik atezain bezala bizitzen nituen, eta gustuko nuen. Pilotan ere gustura ibiltzen ginen. Kadete mailara arte, bietan aritu nintzen.

Beraz pilotan eta futbolean, bietan ibili zinen txikitan.
Bai, kadete maila arte eutsi nion. Bi edo hiru partida edukitzen nituen astebururo, futboleko bi eta pilotako beste bi. Ezinezkoa zen horrela jarraitzea eta aukeratu egin behar izan nuen. Nahikoa garbi nuen futbolean jarraitu nahi nuela, baina pilota utzi behar izateak frustrazio pixka bat eragin zidan.

Gure garaian, inork ez zuen atezain jokatu nahi. Atezain izateko joera nondik datorkizu?
Besterik gabe izan zen. Postu berezi bat da. Ez naiz jokalaria kontsideratzen, atezaintzat daukat nire burua. Futbolean postu berezi bat delako. Gure artean ere,  kontrarioekin, beti dago harreman berezi bat. Uste dut postu berezi bat dela eta badakigu zer bizi dugun batak zein besteak.

Sansen eman zenituen lehen urratsak. Eibarrekin Lehen Mailan debutatzeko aukera izan zenuen eta Real Unionen ari zara orain. Beasainen eta Lagun Onak-en ere jokatu duzu. Gipuzkoako talde garrantzitsuenetan aritu zarela esan daiteke, ezta?
Bai, Sansen denbora gutxi egon nintzen, baina Beasainen urte batzuk egin nituen eta Eibarren ere bai.  Zortea izan dut inoiz ez naizelako talderik gabe gelditu. Badakit taldekide batzuengatik zer den talderik gabe egotea, klub baten bila ibiltzea, dei baten zain... Eta alde horretatik, zorte izugarria izan dut. Aurredenboraldi bakoitzeko, hasieratik talde bat eduki dut eta gertuko taldeak tokatu zaizkit beti. Zorte handia da hori ere, Usurbilen bizi izan naizelako beti.

Eibarrekin 2. B Mailatik Lehen Mailara igo zinen eta futbolaren elitean debutatu ahal izan zenuen. Pozgarria izateaz gain, betetako amets bat izango zen Lehen Mailan jokatzea, ezta?
Hala da. 26 urterekin Beasainen nengoen,  3. Mailan. Futbola beste lan batekin partekatu beharko nuela pentsatzen. Gustuko dut futbola eta ahal dudan arte  eutsiko diot. Eta 26 urterekin, urtarrilean, Eibarretik  deitu zidaten. 2. B Mailan zeuden orduan. 26 urterekin 3. Mailatik egotetik, 28rekin Lehen Mailan lehiatzera pasa nintzen. Pentsa. Ez nuen horrelakorik espero. 19 urterekin ilusio handiagoa duzu baina 26 urterekin iritsi zen aukera. Eta esan duzun moduan, amets bat betetzea izan zen.

“Kirol arloan gauzak nola egiten diren ikusita, uste dut zorte handia daukagula Usurbilen”

NOAUA! Heziketa oso garrantzitsua da, baita kirol jardunean ere. Umeetako kategorietan, zer nolako lana egiten ari dira Usurbilen? Udarregi Ikastolan, Eskola Kirolan edota Usurbil F.T. taldean.
Uste dut asko hazi garela zentzu horretan. Arlo askotan. Lehen kirola egiten genuen konpetitibitate horren bila edo garaipenaren bila. Eta demostratuta dago kirola egunerokotasun batean sartu behar dela eta, batez ere, hezteko balio duela. Kirola, ezer baino lehen, ondo pasatzeko da. Hortik abiatuta, beste guztia dator gero.  Zentzu horretan, uste dut herri honetan apustu handi bat egiten ari garela, kirola egunerokotasunean sartzeko, eta  kirola ohitura batean bihurtzeko, bakoitzari nahi duen jarduera hautatzeko aukera eskainiz.  Kirol arloan gauzak nola egiten diren ikusita, uste dut zorte handia daukagula Usurbilen.

 

Bideo-elkarrizketaren grabazioa eta edizioa: Luis Jambrina.