NOAUA! Non zeunden duela 25 urte?
Ainhoa Azpirotz Eizmendi: Duela 25 urte unibertsitateko kazetaritza eta publizitate ikasketak bukatzen ari nintzen. Hik Hasi-n jada hasia nengoen lanean, Egin irratian aritzen nintzen asteburuetan eta Noaua!ren sorrerako taldean nengoen. Gogoan dut nola atera ginen talde horretan genbiltzanak urte hartako Sagardo Egunean NOAUA! jartzen zuen pegatina batekin, bazkidetzak lortzera: aldizkaria eta kultur elkartea sortzera zihoala azaldu genion jendeari eta garrantzitsua zela horri bultzada emateko eta hori sostengatzeko bazkide egitea. Harrera oso ona, bultzada handia izan zuen eta jendeak produktua izan aurretik (San Juanak aldera atera zen lehen zenbakia) bazkide egin zen.
Maila sozialean, urteotan asko aldatu dira gauzak. Ez ote dugu kalea abandonatu eta entzutegia pantailan murgildu?
Pantailek orain duten presentzia hori ez zeukaten, sare sozialak ez zeuden. Orain solasaldietan mugikorrak edo pantailak sartu dira.
Gizakiak animalia sozialak izanik, nola eraman duzue koronabirusak eragindako pandemiak ekarri duen guztia?
Itxialdiaren hasieran gogoan dut hiru seme-alabei hala esan niela: batzuetan etxean egoteko gogoa izaten duzue, eta orain berdina egingo dugu, baina denbora luzeagoan. Gauzak egiten egunak azkar pasatzen ziren. Gero, pixka bat ateratzen hasi ginenean ziurgabetasun gehiago sentitu genuen. Azken momentura arte ez genekien zein ordutan atera behar genuen, zenbat pertsona… Hor zurrunbilo gehiegi izan zen, baina orokorrean ondo.
Hezkuntza arloko aldizkari batean egiten duzu lan. Nola eraman du hezkuntzako sektoreak arrapaladan egokitu behar izatea?
Hezkuntzan estres handiarekin bizi izan zela uste dut. Irakasleen aldetik esfortzu izugarria egin zen. Batez ere, Lehen Hezkuntzan. DBH-n jada ohituta zeuden ordenagailuak erabiltzera, eta errazagoa izan zen egokitzapena. Lehen Hezkuntzan paperean ematera ohituta zeuden horiek denak. Presentzialki eta modu digitalean egitea izugarrizko lana izan zen, presio handia izan zelako dena gelditzea. Nekatuta bukatu zuten. Ikasle batzuek bitarteko gehiago zeuzkaten etxean eta gurasoek gainean egoteko aukera. Beste batzuek ez, eta gurasoek ere edo lanera joan behar zuten edo telelana egiten ari ziren. Bestetik, mailaren arabera gauzak egiteko aukera ematen du pantailak eta modu horretan, aurrez aurrekoa ezin bada egin, beste modu horretara egiteko, baina oreka bat mantenduta. Aurrez-aurrekoa ezin da ordezkatu. Teknologia hauek erabiltzeko irakaskuntzan ere oreka bat aurkitu behar da, neurria hartu behar izaten zaio.
“Hik Hasi-k hezkuntza komunitate bat sortzea lortu du eskolatik familiara eta familiatik herrira. Horrek komunitatea bera aberastu du” esaldi hori zuk Berrian eskainitako elkarrizketa batetik hartu dugu. Alegia, hezkuntza ez dela soilik eskolara mugatzen den zerbait, baizik eta beste arlo askotara lotuta dagoela.
Bai, Hik Hasi-ren 25 urteko ibilbide horretan horra iritsi gara. Hasieran irakasleentzako tresna bat zen aldizkaria. Proiektua bera zabalagoa zen, eta pauso horretan irakasleetatik familietara pasa zen, azken finean umeak ez direlako hezten eskolan bakarrik, etxean ere bai. Eta orduan “Hazi hezi” izeneko aldizkari bat argitaratzen hasi ginen. “Haziera eta Heziketa” aldizkaria familiei begira egindakoa. Hurrengo urratsa “Herrira” salto egitea izan zen eta Usurbil kide duen Oinherri herri hezitzaileen sarearen sorreran egon ginen, eta orain ere partaide gara. Umeak eskolatik kanpo kalean hezten dira ere. Francesco Tonucci, Italiako pedagogoak, ideia hori hartu eta garrantzi handia ematen dio umeek herrian lekua izateari; umeak ere kontutan hartzea herri bat antolatzerakoan eta diseinatzerakoan. Kontua hori da, umeei ere erabakiak hartzeko aukera ematea, eta gero, herrian dauden eragile eta elkarte desberdinak lotzea, elkarren berri izatea eta denen artean saretzea. Herri hezitzailea, herri justuagoa, osasuntsuagoa, denontzat bizitzeko gustu gehiago ematen duen herria da.
“Jada hezkuntza komunitatean ere ikusten da ezin dela dagoen egoerarekin jarraitu”
Hik Hasi-ko editorea zara sorreratik. Hedabidea egitasmo potolo batean bilakatu da, edo inpresio hori dugu. Zein izan da garapen horren gako nagusia, zure ustez?
NOAUA!rekin antzekotasun batzuk baditu. Hasieratik izan da proiektu oso zabala, jende askoren parte-hartzearekin garatutakoa. Lan talde zabal bat zegoen Hik Hasi-ren inguruan ere. Bestetik, jokatzeko modua “sentitu, pentsatu, ekin” izan da, batez ere Joxe Mari Auzmendi Hik Hasi-ren sortzaile eta arima izan zenaren izateko era horrelakoxea zelako. Hezkuntzan, irakaskuntzan eta euskal hezkuntzan zein behar zeuden sentitzen genuen. Behin zein behar zeuden jakinda, zer egin horretan, jende askorekin hitz egin genuen. Eta gero, ekin, eta orduan gauzak egiten hasten da. Formula horregatik lortu dugula uste dut erreferentzialtasun hori. NOAUA!rekin batera daukan beste ezaugarri bat da hedapena. Hasieratik herri osora zabaltzeko asmoa izan zen NOAUA!ren kasuan ere. Nahiz eta bazkide ez egin, herriko etxe guztietara banatzen hasi ziren, helburua euskara zabaltzea zelako. Hik Hasi-rentzat ere berdin, helburua irakasleen arteko tresna bat izatea zen elkarren berri izateko, eta nahiz eta harpide ez izan, ikastetxe guztietara banatzen hasi ginen. Nik uste dut horiek izan direla gakoak. Beti errespetutik abiatuta. Usurbilen ikastola bakarra daukagu kaxkoan eta eskola txiki bana Aginagan eta Zubietan, baina herri batzuetan ikastetxe gehiago daude. Hik Hasi-k ikastetxe denekin lan egiten du eta beti errespetutik, bakoitzak bere iritzia eta ikuspegia duela jakinda. Helburua euskal hezkuntza sistema propioa sortzea da.
Hik Hasi-ren helburua euskal hezkuntza sistema propio bat hedatzea da. Duela 25 urte baino baldintza hobeagoak daude horretarako edo antzeko jarraitzen dugu?
Administratiboki berdin jarraitzen du, banatuta gaude. Halere aurrerapauso batzuk eman dira 25 urte hauetan. Adibidez, lehen irakasle guztiak ez ziren euskaldunak. Gaur egun, hori ulertezina da. Lehen formazioa gaztelaniaz ematen zen irakasleentzat, gaur egun euskaraz. Euskal Curriculuma beste urrats bat izan zen euskaran eta hemengo kulturan oinarritutako curriculuma lantzea, ikastoletan egin dutena. Udarregi kontutan hartzen badugu, konfiantzaren pedagogia edo eleaniztasuna, KIVA edo horrelako proiektuekin aldaketak gertatu dira. Aginagako eta Zubietako eskola txikietan oso hezkuntza proiektu interesgarriak eta eredugarriak dituzte. Halere oraindik baditugu beste erronka batzuk. Sistema propio hori oraindik lortzeke daukagu, baina badirudi hemen Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege bat egin nahi duela. Orain dagoen hezkuntza legea eskola publikoaren legea da, baina ez ikastetxe mota guztiak barnebiltzen dituena. Orduan badirudi lege bat egin nahi dutela legegintzaldi honetan, eta horrek seguraski aldaketak ekarriko ditu. Jada hezkuntza komunitatean ere ikusten da dagoen egoerarekin ezin dela jarraitu, korapilo asko lotu gabe daudela eta aldaketa beharra nabari da.
“Digitalizazioarekin paperekoak indar pixka bat galdu egin duela aipatuko nuke”
Besteak beste, NOAUA! euskararen normalizazioan eragiteko ere jaio zen, eta zu ere hastapen haietan izan zinen. Eta gaur egun hedabide gisa paperean eta sarean ari gara, baita elkarte bezala, kultur arloan edo aisialdian ere. Zure ustez NOAUA!k zer du faltan, eta zer du soberan?
Digitalizazioarekin paperekoak indar pixka bat galdu egin duela aipatuko nuke. Papereko aldizkaria eskuetara iristerako, guztia jada aurretik badaukagu digitalean. Orduan, hori pixka bat zaindu edo orekatu egin behar dela iruditzen zait. Batzuetan inpresioa dut agenda kutsua hartzen duela aldizkariak: ekitaldi batzuk iragartzen dira eta horien jarraipena egiten da ondoren. Nik ez nuke den-dena grabatuko, adibidez. Aldizkarian edo webgunean, agenda kutsu hori kentzeko erreportaiak eta beste lan batzuk tartekatuko nituzke, artisau lan gehiago: herriko pertsonak elkarrizketatu, auzoetako gauzak atera... Bestalde, herri hezitzailearen proiektu horretan NOAUA!k ere parte hartzen du eta nik ikusten dut NOAUA! garrantzitsua dela. NOAUA!k herriko talde eta eragile askorekin du harremana. Orduan, esango nuke gakoa dela herri hezitzailearen taldean, eta paper garrantzitsua joka dezakeela eremu horretan kultur elkarte gisa. Erronka edo amu bat botatzekotan, gazteen eta nerabeen esparrua lantzea ikusten dut kultur elkarte modura aisialdian edo kultur eskaintzetan hasita. Asmatu egin beharko litzateke, eta gainera, beraiekin beste modu batean landu behar da. Agian, beraiek antolatu behar dute edo hori aztertzeko esparru bat sortu beharko litzateke.