Sasoian jartzeko ibilaldien egitasmoa bueltan

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 29a, 12:17
Irudia: Usurbilgo Udala.

Urriaren 13tik aurrera, asteazken goizero 11:00etan, Artzabaletik abiatuta.

Covid19ak eragindako pandemiak guztion bizimodua hankaz gora jarri zuen 2020ko martxoan. Ordura arte egunerokoan abian ziren hainbat egitasmo bertan behera utzi beharra eragin zuen; tartean, baita herritarren osasun eta ongizateari lotutakoak ere. Ia 19 hilabeteko etenaldiaren ostean, horietako bat dugula bueltan iragarri dute asteazken goiz honetan Usurbilgo Udalak, anbulatorioak eta jubilatu elkarteek; "Usurbil goazen kalera" izenekoa hain zuzen.

Pandemia aurretik asteazken goizero herrian barrena ibilaldiak egiteko zegoen ohitura berreskuratuko da modu honetan, urriaren 13tik aurrera. Asteazkenero goizeko 11:00etan Artzabal izango da, ibilaldiei ekiteko biltzeko topagunea. Hala iragarri dute proiektu honen sustatzaileek gaur atera duten talde argazkian. "Berreskuratzea erabaki dute orain, eta horretarako zenbait egokitzapen egingo dituzte, izena emandako jende kopuruaren arabera, segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Erabiltzaileen eskariz berreskuratua
Egitasmoa bereziki adineko herritarrei nahiz dibersitate funtzionalak dituztenei zuzendua dago. Duela urtebete, pandemia betean ginela, galdetegi bat igorri zitzaien hiru urteko ibilbidea jorratu ostean. Parte hartzean izan zen beherakadaz nahiz egitasmoaren jarraipenaz hausnartzea zuten helburu. "Orain, haien eskariz berreskuratuko dituzte", asteazken goizetako ibilaldiak.

Aldaketekin ordea. "Ohiko formatuan, asteazkeneroko ibilaldiaren ostean zigilu bat jaso ohi zuten erabiltzaileek nork bere fitxan, parte hartu zuela ziurtatzen zuena. Orain, ordea, ez dute materialik konpartituko, eta beste era batera erregistratuko dituzte parte-hartzaileak", iragarri dute Udaletik.