#udalbatzarra

Txirikorda eraikitzen hastear

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 12:47

Aurreikuspenak betez gero, 2023. urte hasieran bizilagunez biziberrituko dute eraikin berria.

Belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa eraikitzen hastear dira Ugartondon. Txirikorda egitasmoa gauzatzeko lanen esleipena, bestela esanda, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko exekuzio obrak" Construcciones Murias S.A. enpresari esleitzea erabaki zuten aho batez osteguneko udalbatzarrean.

Lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, azkenean Murias izan da puntuazio altuena eskuratu duena. Aldaketarik ez bada, datorren astelehenean bertan, urriaren 4an sinatu asmo dute kontratua.

Lanak estreinatu berri dugun hilabete honetan bertan has daitezke. Aurreikusitako epeak betetzen badira, udal gobernu taldearen esanetan, 2023. urte hasieran "Txirikorda ireki" ahal izango da. Urtebete geratzen da ordea aurretik, eta tarte honetan eraikinaren erabilera arautuko duen ordenantza landu asmo dute. Gogoan izan, parte hartze prozesu baten bidez finkatu ziren oinarrizko hainbat irizpide. Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenentzat gainera, "udaberri aldean jardunaldi batzuk" antolatu asmo dituzte. Elkarbizitza eredu aitzindari eta berritzaile honen lanketa bideratu asmo dute eraikitze lanek iraun artean, erabiltzaileak izan daitezkeen bi kolektibo nagusiekin; gazteekin eta adinekoekin.