Oiardo Kiroldegia, gaurtik errendimendu handiagoan

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 4a, 08:50

Gaurtik sauna eraberritua zabalik izango da, igerilekuan txanda berri gehiago eskainiko dira eta abian jarriko dituzte baita, 2021-22 denboraldirako ikastaroak.

Errendimendu maila handiagoan ariko da astelehen honetatik, urriaren 4tik Oiardo Kiroldegia. Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, gaur abiatuko dira, aurreko asteotan matrikulazio epea zabalik izan duten ikastaroak. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, "330 pertsonak eman dute izena, eta denek izango dute aukera ikastaroa hasteko, ez baita gainditu eskainitako plaza kopurua (eta, beraz, ez dute zozketarik egin behar izan). Zenbait ikastarotan ez da lortu taldeak osatzea, eta izena emateko aukera emango dute: pilates hobekuntza, spinning gazte 14-18 urte, konbinatua, HIT, Usurbil Barrena, helduentzako ur hastapena, haurdunak ura+pilates, HH4 uretan (ostegunetan) eta LH2 igerilekua asteazken-ostiral".  

Igerilekuak erabiltzeko aukera ere handituko dute gaurtik. "Tx
anda berri bana eskainiko dute, gaurtik aurrera, igerileku handian zein txikian. Igerileku handian 20:30etik 21:30era, eta txikian, 20:30etik 21:45era". 

Oiardoko gune eraberritu bat ere erabilgarri egongo da astelehen honetatik. "
Kiroldegiko sauna berria erabilgarri dago jada. Sauna erabiltzeko hitzordua telefonoz hartu beharko da; egunean bi txanda hartu ahal izango dira. Horrez gain, sauna erabiltzeko arautegi espezifikoa* ere osatu dute. Saunaren kokapena aldatu dute, igerilekuen ondora, jarduera hezea izanik, egokiagoa delakoan. Kokapena aldatuta, gainera, sauna zaharra kendu eta garai bateko kiroldegiko langilea bizi zen espazioarekin bat eginda, beste areto bat sortzeko lanak egingo ditu udal-brigadak". 

Udalak sauna eraberritua baliatzeko araudi zehatza plazaratu du. Honako hau:
-Hitzordua telefonoz hartu behar da.
-Aldagelak irekiko dira, dutxa puntu mugatuarekin, distantziak mantentzeko helburuarekin.
-Aldagelen edukiera legeak agintzen duenaren arabera aldatuko da.
-Saunako txanda bukatzeko 15 minutu falta direnean erabiltzaileek sauna edo igerilekua utzi beharko dute.
-Bi txanda hartu daitezke egunero. Egoera berezietan, txandaren luzapena behar izanez gero, jarduera fisiko eta kirol sailean baimena eskatu beharko da, eta zuzendaritzak hartuko du erabakia.
-Saunako txanda hartuz gero, igerilekuko kale bat erabil daiteke, beti ere kontrasteak egiteko, eta ezin izango da uretan saunan baino denbora gehiago pasa.
-Saunako erabiltzaileek sarrera eta irteera ate nagusitik egingo dute.
-Norberak bere toalla eraman beharko du, eta sauna barruan derrigor erabili.
-Ezin da biluzik sartu.
-Soroslearen esanak bete behar dira beti.