Koronabirusa

Gripearen aurka txertatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 18a, 12:58

Arrisku-taldeak gripearen aurka txerta daitezke astelehen honetatik. Azaroaren 15etik aurrera herritar oro.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak abiatu du gripearen aurka txertatzeko urteroko kanpaina, "Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa" aldarripean. Arrisku-taldeek anbulatoriora deituta edo osakidetza.eus webgunearen bidez hitzordua eska dezakete. Arrisku-taldeetan egon ez eta txertoa hartu nahi dutenak azaroaren 15etik aurrera txertatu ahalko dira.

"Kanpainaren helburua da pertsona zaurgarrienen osasun indibiduala zaintzea, baina baita osasun kolektiboa zaintzea ere. Hori dela eta, iaz egin zen bezala, arrisku-kolektibo bakar batekoak ez diren biztanleek ere hartu ahal izango dute txertoa, betiere txertoak eskuragarri badaude", ohartarazi du Osasun Sailak.

Aipatu moduan, gripearen aurkako txertaketa kanpainan lehentasuna arrisku-taldeok izango dute: 
-65 urte edo gehiagoko pertsonak.
-Patologia kronikoren bat duten pertsonak (biriketakoak, bihotzekoak, diabetesa…).
-Haurdun dauden emakumeak.
-Osasun-arloko profesionalak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak.
-Zaharren egoitzetan bizi diren pertsonak (kolektibo horri aste honetan bertan hasi zaio jartzen txertoa).

Prebentzio neurri ezagunak
651.333 dosi ditu Osasun Sailak, %20an hazi ahalko du kopuru hau eskaria handiagoa balitz. "Gogoan izan behar dugu iaz 595.084 txerto jarri zirela, aurreko kanpainan baino % 34 gehiago. 65 urtetik gorako pertsonen kasuan, ordura arte inoiz lortu ez ziren estaldura-tasak lortu ziren; zehazki, % 70,9, aurreko urteko % 58 estalduraren aldean".

Covid19ak eragindako osasun krisialdian hain ohikoa bilakatu den musukoen erabilera gripearen hedapena eragozteko ere baliatzera deitu du Osasun Sailak bereziki sintomarik balego edo leku itxietan, txertoa jartzeko gonbita luzatzearekin batera. Koronabirusarekin hartu behar izan genituen gainerako prebentzio neurriok ere bai; "besteak beste, eskuak garbitzea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireztatzea".

Dosi bikoitza
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina, covid19aren aurkako hirugarren dosia hartzeko garaiarekin egokituko da. Hirugarren dosi hau, gripearen aurkakoarekin batera jartzeko aukera izango dute 70 urte edo gehiago dituztenek, beti ere covid19aren aurkako txertoa duela sei hilabete edo gehiago jarria badute.