Bueltan da azaroaren 1eko Artisautza Azoka

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 21a, 11:32
Osasun krisialdi aurretik ospaturiko Artisau Azoka.

Iaz osasun krisialdiagatik bertan behera utzitako artisauen topagunea bueltan da aurtengoan. 25. ediziora heldu den hitzordua prestatzen ari da Aitzaga Elkartea.

Aurten bai, artisauen bilgunea dugun azoka bueltan dator azaroaren lehenean frontoira. Aitzaga Elkartea antolaketa lanetan dabil jada. Gogoan izan, iaz ere prestaketa lan betean ziren baina ez zuten hitzordua ospatzerik izan. Duela urtebete, garai honetan, covid19aren hedapena nabarmen hazita, eremu gorrira igaro zen inguru hau.

Osasun krisialdiak okerrera egin zuela ikusita, ibilbide luzeko Artisau Azoka bertan behera uztea erabaki zuen Aitzaga Elkarteak. Atsekabe handiz, baina denetariko ogibide eta artisauen bilgunea izan den hitzordua ez egitea adostu zuten. Pena handiz, hitzordua berez koronabirus garai honi egokitzeko ahalegina egina baitzuten. Osasun krisialdia tarteko, antolatzaileek plan alternatibo bat diseinatua zuten; postuak frontoiko aterpean elkartu beharrean, herriko txoko ezberdinetan sakabanatzea. Eta modu horretan, bai artisauen baita bisitarien pilaketa eragoztea. Denetariko ogibideak ordezkatu asmo zituen 20 bat artisauen postu kokatzekoak ziren herri erdiguneko txoko ezberdinetan; bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, zeramika, otargintza, metalgintza… 

Berezia izango zen hitzordua, borobila, 25. ediziora helduko baitzen azoka. Aurten bai, ziur, azaroaren 1ean ospatuko da Artisau Azoka.  Ohi bezala, herriko nahiz Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako artisauen postuek girotuko dute azaroko lehen eguna.

Antolakuntzak egunotan helaraziko ditu xehetasun gehiago. Momentuz, agendan apuntatzeko hitzordua dugu, iazko etenaldiaren eta beraz, bi urteren ostean herri bizitzara bueltan datorkigun artisauen topaketa.