"Suharra" dokumentalaren proiekzioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 5a, 09:42

Dokumentalaren proiekzioa larunbat honetan, 18:00etan Sutegin. Ikusi ostean, egilearekin solasaldia iragarri dute antolatzaileek. 

"Galtzeko zorian dagoen baserriko bizitza berreskuratzea beharrezkoa den momentu honetan, inoiz azaldu gabeko gure kulturaren parte diren bertako ganadu suharren historia kontatzen da. Ganadu suharren inguruko gure arbasoen ondare historiko-kulturala gorde eta ondorengo belaunaldiei eskaintzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Bestalde, lan hau gizarteratzeak gaur egungo ganadu suharren eta naturarekin sustengarria den eta bioaniztasuna mantentzen duen baserriaren biziraupena ziurtatzen laguntzen du, hots, etorkizunera begiratzen duen historia kontatzen du".

Hortxe, "Suharra dokumentalaren aurrerapena. Albiste honetan ikusgai duzue baita "trailerra". Dokumentala ikusi ondoren egilearekin solasteko aukera egongo da. 

Ikus-entzunezkoaren proiekzioa Usurbilen antolatu dutenekin bildu da NOAUA!.

NOAUA! Suharra dokumentala Euskal Herrian galtzeko zorian dauden behi arrazei buruzkoa da. Baserri eta landa girotik at dauden pertsonentzat datu hau harrigarria izan daiteke. Zein da egungo bertako behi arrazen egoera?
Julen Lertxundi: Zehazki, egungo bertako behi arrazen egoera nahiko larria da, galtzeko zorian dagoen abelgorri talde bat da. Izenak dioen moduan azienda oso landatarrak dira, hau da, larreko behiak ez, nolabait ikuluratze handirik gabe urte guztian zehar gai direnak gure mendietan bazkatzeko. Batik bat, irtenbide nagusi izan dituzte biziraun ahal izateko: alde batetik, animalia hauek espezializatu izan dira Euskal Herriko zezen festa herrikoietan (sokamuturrak, entzierroak, errekortari ikuskizunak,...), hau da beraien suhartasuna bilatu izan da, eta horri esker bizi irauten dute. Beste alde batetik, oso landatarrak izan direnez baserritarrei ahalbidetu izan die pentsu gutxirekin edo inbertsio oso txikiarekin ganadua mantentzea, baina esan bezala, galtzeko zorian dagoen arraza da ez baitu errentagarritasun ekonomiko nabarmenik.

Euskal Larrabehi eta Zezenzale elkarteek ekoitzitako dokumentala da. Egun jende asko dago zezenketen eta animalia proben aurka. Zezenketen aldeko ikuspuntua zabaldu ala egungo behien egoeraren berri ematea du helburu?
Euskal Larrabehi Elkartea eta Zezenzale Elkarteak, bi elkarte ezberdin dira. Zezenzale Elkarteak Euskal Herriko zezen festa herrikoiak defendatu eta bultzatzeko sortu zen, eta Euskal Larrabehi Elkartea, berriz, bertan parte hartzen duten eta bertako arraza diren larrabehiak ez galtzeko eta haien zabalpena egiteko elkarteak dira. Bi elkarte hauek ez dira sartzen zezenketetan, beraz, hauen lan esparrua da zezen festa herrikoiak egitea, ez zezenketak. Bi gauza ezberdin dira. Bi elkarteen artean erabaki dute dokumentala egitea. Helburu nagusia gure arbasoen bizitza eta jakituria jasota uztea izan da. Ikusi dugu gure aiton-amonek bizi izan duten bizimodua desagertzera doala. Bizimodu bat non bertako arrazak oso presente zeuden, hala nola, terreñak, betizuak, montxinak, larrabehiak... Arbasoak animalientzat bizi ziren, eta beraien artean bazegoen nolabaiteko harreman pertsonal bat animalia bakoitzarekin. Hau guztia desagertzera doala ikusita, bizimodu hori izan duten pertsonen testigantza eta jakinduria jasoz erabaki genuen dokumental hau egitea. Dokumentalak behi arraza ezberdinen edo horien hazkuntzan lanean aritu diren baserritarren bizimodua kontatzen du, eta nola ez, arraza horien historia, eta gaur egungo egoera. Helburu nagusia ganadu mota hauen berri ematea da gaur egungo gizarteari.

“Guztioi animatzen zaituztet dokumental hau ikustera”
NOAUA! Joan zen udaberrirako aurreikusi zenuten proiekzio hau, baina azkenean bertan behera utzi zenuten. Zer dela eta?
Julen Lertxundi: Izatez aurreko proiekzioa egin genuen, baina ez genuen asko zabaldu eta arazo teknikoak egon zirenez, bigarren aldiz proiektatzea erabaki dugu jende gehiagori zabalduta eta arazo teknikoak konponduta. Beraz, animatzen zaituztet usurbildar guztioi edo irakurle guztioi dokumental hau ikustera hurbiltzea. Benetan berezia eta polita da.

Proiekzioa Usurbilen eskainiko badute zuri esker da neurri handi batean. Zer da arlo honetatik gehien erakartzen zaituena?
Txikitatik dudan afizio bat da, animalia hauen bizitza ezagutzera iritsi naiz eta dokumentala egin ondoren, konturatu naiz gizarte guztiak ikusiko balu beste ezagutza eta pentsakera bat izango lukeela animalia hauen inguruan.