Kulturgileen elkargunea sortzeko prozesua iragarri dute

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 15a, 12:46

Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzen hasteko prozesua iragarri dute. Lehen saioa azaroaren 27rako, 10:00-13:00 artean Potxoenean. Arlo honetan diharduten eragile nahiz norbanakoak daude deituak, interesa duen oro baita. Hitzordua aurreko larunbatean iragarri zuten Mikel Laboa plazan.

Zein da Usurbilgo kulturaren egoera? Zer iritzi dute eragile eta sortzaileek? Ikuspegi komunitarioa bada edo nor bere kasa aritzen da ekimenak antolatzen? Galdera hauen bueltan azterketa bat burutu zuten iaz, urte amaieran, herriko kulturgintzan (antzerkigintzan, bertsolaritzan, argazkigintzan, musikan nahiz dantzan) murgilduak dauden bost lagunek. Azterlan hartatik sortu da orain abiatzera doazen prozesua.

“Usurbilen altxorrari zukua ateratzeko beharra”
Lanketa honetarako lehenbizi, “2018ko kultur agenda osoa aztertu” zuten. Azaroaren 13ko aurkezpenean azaldu zutenez gainera, galdetegi bat igorri zitzaien kulturgintzan diharduten 26 herri eragileei nahiz 18 norbanakoei. Emaitzak galdeketa osatu zutenekin partekatu ostean, jendaurrean aurkeztu zituzten iragan larunbateko agerraldian.

“Galdera asko eta hausnarketa dezente” utzi dituela aipatzen dute sustatzaileek. Ondorio nagusi bat nabarmentzekotan, “Usurbilen altxorrari zukua ateratzeko beharra dagoela”. Altxorra aipatzen dutenean, herri honek duen bizitzaz ari dira. Herri bizia baita Usurbilgoa azterlanak argi erakutsi duenez. “Ikusi besterik ez dago zenbat programatzen den herri mailan”.

Jardun aberats askoa da bai antolatzaile zein sortzaileena. “Kultur adierazpen gehienetan baditugu erreferentziazko gazte zein heldu sortzaile buru-belarri lanean”. Azterlanean argi islatu da errealitate hau, baita “gehiengok diagnosi” bera partekatzen dutela. Antzeko gabeziak sumatzen dituzte; batetik, “kultur eragile gehienak egoera nahiko prekarioan direla ikusi genuen”. Talde edota elkarte gehienek “etxeetan edo lokal pribatuetan” bideratzen dute euren jarduna. Horrez gain, “izaera juridiko aldetik ere arazoak ikusi dira”.

Komunikazio falta ere sumatu dute. “Gehienek haien sare sozial propioak erabiltzen dituzte” edota NOAUA!. Bakoitzak bere bidetik antolatzen ditu ekimenak herrian. Larunbateko aurkezpenean bertan nabarmentzen zuten, egun horixe, azaroaren 13a horren adibide egokia zela aipatzen zuten. Egunean zehar, zazpi bat ekintza desberdin antolatuak zeuden herrian. “Sekulako jarduna dugu baina koordinatzeko komunikazioa falta zaigu, elkarrekin lanean aritzeko dena delako proiektuetan”. Komunikazioarekin batera beraz, elkarlan gabezia ere sumatu dute galdetegian parte hartu duten eragile eta norbanakoek. “Ekimen puntualetarako izan ezik, elkarlan oso gutxi egiten da”, zioten.

Eta elkarlana lagungarria izan daitekeela irizten diote, partekatzen dituzten gabeziei aurre egiteko. “Giza baliabideei, espazioari nahiz ekonomiari lotutako arazoak elkarrekin lan eginda gainditu daitezkeela uste dugu”. Azterlanaren aurkezpenean ziotenez, “kontua da nola egin, eta horretara gatoz”.

Eta horretarako abiatzera doaz hilaren 13an aurkeztu zuten prozesua. Euskal kultura hauspotzen diharduen “Dijitalidadea” proiektuko kideek dinamizatuko dute prozesua. “Marko teoriko bat osatua dute” aurkezpenean ziotenez. Lanketa lau fasetan banatzen dute, lau helburuon bueltan: sorkuntza bultzatzea, sortzaileei plazak eskaintzea, sorkuntza horien komunikazioa eta transmisioa. Udalak babestuko duen prozesua beraz azaroaren 27ko saioarekin abiaraziko dute. “Ahalik eta parte hartze zabalena” izatea nahi dute, bertan hausnartu eta finkatuko dira eta, “etorkizuneko helburu, funtzionamendu eta jardun guztiak”. Guztia, “Usurbilgo etorkizuneko kulturgileen elkargunea eraikitzeko bidean”.