Koronabirusa

Neurri prebentiboak indartzeko dekretu berria iragarri du Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 16a, 12:40

100.000 biztanleko 14 eguneko 150etik gorako intzidentzia duten udalerrietan (tartean Usurbilen) covid19aren hedapenari aurre egiteko neurri prebentiboak indartzea aginduko duen dekretua iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Asteazken honetan, azaroaren 17an argitaratu eta jarriko dute indarrean.

"Ez goaz ondo eta neurriak indartu behar ditugu egoera iraultzeko eta atzera ez egiteko". Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko sailburu Gotzone Sagardutik astearte eguerdi honetan egin duen agerraldian. 

"Joerak adierazten du pandemiaren hazkundea abiadura handiarekin egiten ari dela gora", sailburuaren esanetan. 150etik gorako intzidentzia erne egoteko modukoa iruditzen zaio eta egun 196,25ko intzidentzia du koronabirusak EAE-n. Usurbilen, 190,23koa. Gorakada horri lotutako ospitaleetako presioa ez dela aurreko olatuen parekoa dio Jaurlaritzak, baina kutsatzeen goranzko joerak bere horretan jarraituko duela hurrengo egunotan eta hedapen hori geratzea dutela xede. 

Ekitaldien atzeratze edo etetea, prebentzio neurriak bete ezin badira
Horregatik, covid19aren 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 150etik gorakoa duten udalerrietan (tartean Usurbilen) prebentzio neurriak indartzea derrigortuko duen dekretua argitaratuko dutela iragarri du osasun sailburuak. Asteazken honetan bertan, hilaren 17an plazaratu eta jarriko dute indarrean. Aurreko dekretuan, urriaren 6koan aurreikusiak zeuden prebentzio neurriak indartzea bultzatuko du.

Neurri osagarriotako batek herrietan antola daitezkeen ekitaldiei eragiten die. Prebentzio neurriak bete ezin diren kasuetan, ekitaldiok atzeratu edo etetea eskatzen du Jaurlaritzak, bereziki jan edana kontsumitzea sustatu eta beraz musukoaren erabilera bultzatzen ez dutenak. Horrekin batera, gainerako kasu guztietan prebentzio neurriak indartzea eskatzen dute. Ahal den neurrian, ekitaldiak aire librean antolatzea. Espazio itxietan antolatzekotan jan edanerako eremua mugatzea, jendearen mugimendua modu ordenatuan egiteko neurriak hartzea...

Horrez gain, orain arte indarrean zeuden neurriek bere horretan segiko dute; musukoaren derrigorrezko erabilera, 5.000 pertsonatik gorako espazioetan gehieneko edukiera %80ra mugatzea, edota jan edanik ez kontsumitzea ekitaldietan (ura izan ezik). Jan edana ostalaritza eremuetan baino ezingo da saldu eta kontsumitu.

Covid19 ziurtagiria eskatzeko kontsulta auzitegiei
Bada Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri dezakeen beste neurri bat ere. Covid19 ziurtagiria eskatzea agintzea ostalaritza eremuetan (50 jankide baino gehiago badituzte), musika edo dantza sustatzen duten ekitaldi edota eremuetan. Momentuz auzitegietara kontsulta helarazi nahi du Jaurlaritzak, erabaki hau indarrean jarri baino lehen. Txertatu ez direnengan jarri nahi izan du arreta.

Osasun sailburuak ohartarazi duenez, xede populazioaren %90a txertatua dago EAE-n. Baina 30-39 urte arteko %17ak, 20-29 urte arteko %21ak edota 16-19 urte arteko %13ak ez du txertaketa pauta osoa jaso eta 12 urtetik beherakoak txertatu gabe daude. Sagarduik nabarmendu duenez, covid19aren intzidentzia handiagoa da hain zuzen kolektibo hauetan; bai 12 urtetik beherakoen artean edota 30-39 urte artekoen artean. 

Udalerrietako covid19aren hedapenaren bilakaeraren berri ematen duen txosten epidemiologikoa orain aste astelehenero argitaratzen zuen Eusko Jaurlaritzak. Aurrerantzean ostegunetan ere plazaratuko duela iragarri du.

Iaz baino "hobeto"
Datu guztiokin, duela urtebete baino hobeto gaudela dio osasun sailburuak. Duela 12 hilabete, 824tik gorako intzidentzia zuen koronabirusak EAE-n, 145 pertsona zeuden ZIU-n eta 516 ospitaleratu zeuden. Egun intzidentzia 196,25ekoa da. 116 pertsona daude plantan eta 27 ZIU-n.