22. Korrika Amurriotik Donostiara, martxoaren 31tik apirilaren 10era

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 09:13

2.500 kilometro inguruko ibilbidea osatuko duen euskararen aldeko lasterketak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu. Usurbildik noiz igaroko den aurrerago zehaztuko dute.

Urtebeteko atzerapenarekin baina bueltan da, 22. Korrika. Asteazken goiz honetan aurkeztu dituzte Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen euskararen aldeko lasterketari lotutako lehen xehetasunak. Abiapuntua eta helmuga egunak eta lekuak zehaztu dituzte; Amurrion hasiko da martxoaren 31n eta oraingoan Donostian amaituko da apirilaren 10ean. Tartean, 2.500 kilometroko bidea osatuko du Korrikak. Herri bakoitzetik noiz igaroko den aurrerago zehaztuko dute. Aurrerago ezagutuko dugu honenbestez, Usurbildik ere noiz igaroko den.

"Hitzekin" da 22. ediziorako hautatu duten leloa, "euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako", antolatzaile lanak bideratzen ari den AEK-ren esanetan. Are gehiago, bizi dugun testuinguruan. "AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea". 

Korrikak oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik". 

22. Korrika antolatzeko lanak abian dira. Modu ezberdinetan parte har daiteke euskararen aldeko lasterketan. Herrietan sortuko diren batzordeetako kide izanez, edota diruz lagunduz; Korrika Laguntzailea kanpainan esku hartuta besteak beste. Xehetasun gehiago korrika.eus atarian jaso ditzakezue jada.