Udalbatzarra

Hasieraz onartu dituzte 2022rako udal aurrekontuak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 15:12

2022rako udal aurrekontuek tramitazio bidean urrats garrantzitsua eman dute ostegun honetako udalbatzarrean; hasieraz onartu zituzten. Baita urte berrirako udal Plantilla Organikoa eta udal Lanpostuen Zerrenda ere. Azken biok EHBildu eta PSE-ren babesarekin, EAJ abstenitu zen. Aurrekontuak aldiz EHBilduren aldeko bozkekin. Oposizioko bi udal taldeek aurka bozkatu zuten.

Udal gobernu taldetik ziotenez, covid19ak eragindako pandemiak eta haren ondorio sozioekonomikoek baldintzatutako udal aurrekontuak izango dira honako hauek bigarren urtez. Lehentasun argi bat izango dutena beste behin; "herritar eta kolektibo zaurgarrienak babestea", asteotan herritar eta eragileekin auzoz auzo eginiko bilera errondan nabarmendu izan duten moduan.

Horretarako "estaldura soziala" nabarmen haztea erabaki du EHBilduk. KPI igoera txikiarekin batera Ordenantza Fiskalei begira hobarien eskaintza zabaldu dute eta iaz indartutako diru-laguntza lerroei beste bat batu diete; Gizarte Larrialdietarako Laguntza Propioa. Gizarte laguntzetara sarbiderik izan ez eta behar larrian diren herritarrei zuzendurikoa.

Anbizio handiko aurrekontuak iragarri dituzte ia 13 milioi eurokoak. 556.000 euro gehiagoko ekarpena jasotzea aurreikusten du Udalak foru funtsetik; 4,7 milioi euro guztira. Inbertsio ahalmena hazteko milioi bat euroko mailegua ere eskatuko du Udalak, legealdi hasieratik hona, zorpetzea %22tik %12,48ra murriztu ostean. 

Udal zerbitzua indartu asmo dute; langileen soldatetan %2ko igoera, zenbait sail giza baliabide gehiagoz hornituko dituzte... "Anbizio handiko" egitasmoei helduko diete, XXI. mendeko erronka globalei tokitik erantzuteko asmoa dute; HAPO-aren lanketaren amaiera, Kalezarko Pelaioenea bukatzeko lanak, Kirolaren Plan Estrategikoa, zaintzen ekosistema, migrazio olatuek eragindako aniztasunaren kudeaketa, trantsizio energetikoa, turismo eredu berria edota Usurbil herri burujabe izateko norabidean kokatuko duen uraren kudeaketa. Ia herri osora zabaldu nahi du Udalak Andatzatik datorren ur edangarriaren erabilera. Añarberi ordaindu beharreko horretan aurreztuko du udalerriak; 100.000 euro urtero.

Ekarpenen inguruko eztabaida
Hauei herritar nahiz eragileek eginiko ekarpenak batu behar, plangintza batean bildu eta bideratzen joatekotan da udal gobernu taldea. Oposiziotik ere jaso dituzte hainbat ekarpen. "Zuek egindako proposamen asko txertatuak daude aurrekontu proiektuan", zioen alkate Agurtzane Solaberrietak osteguneko udalbatzarrean. Nahiz ohartarazi zuenez, EAJ-ren zenbait ekarpen "Udalari ez dagozkionak" izan. 

Halere oposizioko bi taldeek udal aurrekontuon aurka bozkatu zuten. EAJ-tik ziotenez kolektibo zaurgarrienak babesteko helburu orokorrekin bat datoz. Baina "hainbat ekarpen" egin eta "bakar bat ere ez du onartu" EHBilduk. Bizikidetza Plana, Zubietako bidea, padel pista, kirol proiektu estrategikoa, bideetako eserleku egokiak, Askatasuna plazako aparkalekuak... aipatu zituzten. Udal aurrekontuetako zenbakiak kezkagarritzat jotzen ditu EAJ-k; gastuen gorakadak eta superabit arruntaren beherakadak. Horrez gain, "inbertsio gaitasuna murriztu da, foru funtsa handitu arren". EAJ-rentzat udal aurrekontuok "egunean egunekoak" dira, "etorkizunari begiratzen ez diotenak".

EAJ-ren adierazpenak mingarritzat jo zituen udal gobernu taldeak; haien ekarpenak ez zituztela kontuan hartu adierazi zuten jeltzaleek eta hau gezurtatu zuen EHBilduk, hainbat proposamen aurrekontuen txertatu dituztela argi utziz. Inbertsio gaitasuna txikiagotu dela zioten EAJ-tik, "gizarte babesa ez da inbertsio bat?", galdetzen zuten udal gobernu taldetik. Xabier Olano udal kontuhartzaileak udalaren superabitaren azken hamarkadako bilakaera kontuan izanda, datuak eskutan, bataz bestekoaren baitan dagoela argitu zuen.

PSE-tik ere antzeko adierazpenak. Aurrekontuetako partiden alde agertu arren, "ez dira nire aurrekontuak, ez dira nik aurkeztuko nituzkeenak" zioen Patxi Suarez zinegotziak. Gaineratu zuenez, "nirek ekarpenak" ez direla onartu eta kontrako bozka iragarri zuen. "Ze ekarpen ez dira aintzat hartu?" galdetzen zion alkateak. "Aurkeztu nituen seirak", erantzun zion PSE-ko zinegotziak. Lau behintzat txertatu zituztela erantzun zuen udal gobernu taldeak; Zubieta-Santuenea bideko seinaleztapena, Etxealdiako aldapako edota Mikel Laboa plazako desnibelaren gaiari heltzea... Halere, PSE-tik Patxi Suarezek zioenez, "exekutatu arte beharrezkoak dira. Ez zaudete ados". Penagarritzat jo zuten udal gobernu taldetik oposizioko taldeen "egoskorkeria", neurri batean aurrekontuekin bat egiten dutela esan eta gero aurka bozkatuko dutelako beste urte batez.

Erlazionatuak

2022rako udal aurrekontuak zenbakitan

Noaua Aldizkaria 2021 aza 24 Usurbil