22. Korrikaren materiala salgai

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 14a, 11:47

Udaberrian ospatuko den euskararen aldeko lasterketa girotu eta laguntzeko materiala salgai jarri dute; Usurbilen Etumeta AEK euskaltegian.

Badator 22. Korrika! Eta prestaketa lanak martxan dira. Duela hilabete eman zuten ezagutzera non eta noiz abiatu eta zein egun eta tokitan helmugaratuko duten pandemiagatik urtebetez atzeratu behar izan den euskararen aldeko lasterketaren edizio berria. Gogoan izan, martxoaren 31n Amurrion abiatu eta apirilaren 10ean amaituko da Usurbildik gertu, Donostian. 

Prestaketa lanak abian dituzte antolatzaileek. Ekimena eta euskara laguntzeko ohi bezala materiala salgai jarri dute. Usurbilen Etumeta AEK euskaltegian eskura ditzakezue tamaina eta kolore ezberdinetako kamisetak, biserak, giltzarrapoak... Online ere eskura ditzakezue korrika.eus bidez. Edota igande honetan, abenduaren 19an frontoian ospatuko den NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azokan ere salmenta postua jartzekoa da euskaltegia. 

Etumeta AEK euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es



"Hitzekin"
Korrikari buruzko xehetasun gehiago urtarriletik aurrera ezagutuko ditugu; tartean baita noski 22. Korrikak Aginaga, Usurbil eta Zubieta noiz zeharkatuko dituen. Momentuz, antolatzaileek ezagutzera emandako datuen arabera, "Hitzekin" da 22. ediziorako hautatu duten leloa, "euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako", antolatzaile lanak bideratzen ari den AEK-ren esanetan. Are gehiago, bizi dugun testuinguruan. "AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea". 

Korrikak oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik". 

Xehetasun gehiago korrika.eus atarian jaso ditzakezue jada.