2021ari gainbegiratua

Pandemiaren eragina hizpide martxoan, sektore eta kolektibo ezberdinekin

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 28a, 08:40

Herriko hotel, landetxe edota sagardotegiekin pandemiak utzitako arrastoa hizpide izan zuen NOAUA! K.E.-k iragan martxoan. Mundualdia edota Soinurbilen edizio bereziak ere ospatu ziren.

Bizi dugun pandemiak hainbat gabezia eta lekukotza gogor azaleratu ditu hilabete guztiotan. NOAUA!-k martxoan, aurrez kalean bizi izandako zortzi gazte atzerritarrek Eusko Jaurlaritzaren "Lehen urratsa" izeneko programaren baitan Usurbilen Eilzarenak diren bi etxebizitzetan nola bizi diren jaso zuen. Kamaal eta Saaden lekukotzak bildu zituen hedabide honek; "patera batean iritsi ginen Europara", zioten. Baita gazteon egunerokoaz arduratzen den Zabalduz kooperatibako kide Mikel Castander.

Martxoaren 8an kale erakusketa eta elkarretaratzea deitu zituzten, etorkizunean Kalezarreko Pelaioenea eraikin birgaituan kokatuko den Emakumeen Etxearen eta auzo ekipamenduaren proiektuak definitzeko aurreko hilabeteetan bideraturiko parte hartze prozesuari lotutako emaitzak aurkeztearekin batera. Hilabete amaieran Mundualdiaren edizio berezia ospatu zuten sorterri ezberdinetako usurbildarrei eginiko aitortza ekitaldiarekin; haien lekukotzekin hornituriko "migrazioari maskarak erauzten" dokumentala aurkeztu zuten.

Soinurbilen itzulera
Ingurumen kontuei dagokionez, auto elektriko bat jarri zuen Udalak herritarren zerbitzura. Basurde bat ibili zen Kaxkoan barrena.

Kultur bizitzari dagokionez, izatez martxoa amaieran abiatu behar zuen 22. Korrika urtebetez atzeratzea erabaki zuen antolakuntza koronabirusagatik, aldiz, amaitu behar zuen egunean euskararen aldeko lasterketa omentzeko ekitaldi bereziak deitu zituen AEK-k Euskal Herriko herrietan, baita Usurbilen ere. "Datorren urteko Korrika inoiz baino beharrezkoagoa izango da", iragarri zuten. Urtebete lehenago pandemiak bete-betean eten zuen Soinurbil musika astea antolatu zuen Zumarte Musika Eskolak. "Non dago Mikel?" dokumentala proiektatu zuten, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolaren kontzertua entzuteko aukera ere izan zen.

Sagardotegi eta landetxeen erronda
Ezohiko txotx garai betean herriko sagardotegietan hartuemanetan jarri zen NOAUA!, bizitzen ari ziren egoeraren berri jasotzeko. Gauza bera egin zuen hedabide honek udaberriko oporren atarian ziren herriko hotel eta landetxeekin.

Koronabirusari lotutako neurri murriztaileetan izan zen aldaketarik; udalerrietako itxiera perimetrala bertan behera utzi eta EAE barruko mugimendua mugatzeari utzi zioten, nahiz gaueko etxeratzeko aginduak indarrean segiko zuen maiatzera arte.

2021eko martxoko argitalpenak
Herrira Begira 37: "Ameba".
Martxoak 5, 857. zenbakia
Martxoak 12, 858. zenbakia
Martxoak 19, 859. zenbakia
Martxoak 26, 860. zenbakia