Koronabirusa

Kutsatze kasu berriak kudeatzeko herritarren "autogestioa" bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 28a, 18:40

"Komunikazio kanalak eta aspektu logistikoak indartu" nahi dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, sintomak eduki, positiboa edo kontaktu zuzena izanda nola jokatu, horren inguruko argibideak eskaini dituzte. Datozen asteotarako neurri murriztaile gehiago hartuko ditu LABI-ak arratsaldean.

Astearte arratsalde honetan bilduko da LABI aholku batzorde teknikoa eta neurri murriztaile berriak hartuko dituzte datozen asteotarako, covid19ari lotutako kasu berrien gorakadak etenik ez duen honetan. Aldez aurretik ordea, aldaketak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak, covid19 kasu berrien "uholdea" kudeatzeko. Astearteroko gobernu bileraren osteko agerraldian eskaini ditu xehetasunak Josune Sagardui osasun sailburuak. Pandemian gaudenetik beste hainbat uneetan egin duten moduan, protokoloak egokitu eta eguneratzea erabaki dute, bizi dugun "transmisio komunitario" argiaren aurrean. Kolektibo zaurgarrienak lehenetsi nahi dituzte, "komunikazio kanalak eta aspektu logistikoak indartu" eta bereziki lehen arreta zerbitzuak, anbulatorioek bizi duten lan-karga arindu.

Hala, diagnostikatze probak egitea eskatzeko, anbulatoriora deitzeaz gain, formulario bat bete ahalko da euskadi.eus atarian. Bestetik, antigeno proba gehiago egiteko asmoa dute eta "txertaketa puntuen" antzera, laginak hartzeko gune gehiago egokitu asmo dituzte. Telefono bidezko arreta ere indartu nahi dutela iragarri du osasun sailburuak. Isolatu behar dutenek laneko "bajak" online kudeatzeko aukera emango dute. Orohar, osasun sistemak jasotako eskaera guztiei arinago erantzun nahi diete modu horretan ", bereziki kolektibo zaurgarrienenak"; adinekoenak, haurdun direnenak, "inmunodepresiboenak", txertatu gabe daudenenak... Haien guztien "jarraipen proaktiboa egiten jarraituko du Osakidetzak", iragarri du Sagarduik.

Arinki kutsatuen jarraipenik egiteko asmorik ez dutela gaineratu du, "txertaketari esker", gehienek modu arinean bizi dutelako birus honen infekzioa. Kasuotan, isolamendua eta parazetamola aholkatu ditu Sagarduik eta "sintomak okertuz gero anbulatoriora deitzea".

Zer egin positiboa edo kontaktu zuzena izanez gero...
Etengabeko covid19 kasu berrien agerraldietan sarritan gertatzen ari da, sintomak izan edo positiboa denak edo bere kontaktu zuzenek zer egin ez dakitela geratzen dira. Honen inguruko hainbat "argibide" eskaini ditu Osasun Sailak astearte eguerdi honetako agerraldian. Honakoa egitea eskatu dute:

Sintomak izanez gero...
-Isolatu.
-Proba diagnostikorako hitzordua eskatu formulario bidez edo anbulatoriora deituta.
-Azken 48 orduetako edo sintomak sentitzen hasi aurreko 48 orduetan izandako kontaktu zuzenen zerrenda prestatu.

Positiboa izanez gero...
-Sms bidez jasoko da proba diagnostikoaren emaitzak eta egin beharrekoari buruzko xehetasunak.
-Isolatu 10 egunez proba egunetik edo sintomak sentitzen hasiz geroztik zenbatzen hasita.
-Sintomak okertuz gero edo arnasa hartzeko zailtasunak izanez gero anbulatoriora deitu.
-Kontaktu zuzenak identifikatu eta haiei haientzat euskadi.eus atarian dagoen formularioa osatzea eskatu.

Kontaktu zuzena izanez gero...
-Proba diagnostikoa egin.
-Euskadi.eus atariko formularioa bete.
-Txertoaren dosi guztiak jarriak dituztenek edo azken 90-180 egunetan covid19a izan dutenek ez dute isolatu beharrik izango proba diagnostikoa negatiboa izanez gero, baina prebentzio neurriak zorroztu eta balizko sintomen zaintza egin. Txertatu gabe edo bi dosiak hartu gabe dituztenek, nahiz eta lehen proba diagnostikoan emaitza negatiboa izan, handik 8 egunera bigarren proba bat egin beharko dute eta tarte horretan isolatuak egon beharko dira. 

Informazio gehiagorako: euskadi.eus


Txertaketa
Gaurtik beste bi berrikuntza iragarri ditu txertaketa kanpainari dagokionean. Batetik bost urtetik gorako haurrak txertatzeko hitzordua osakidetza.eus webgune bidez eskatu ahalko da gaur arratsaldetik aurrera. Gaurtik 50 urtetik gorako herritarrek hirugarren dosia jartzeko hitzordua ere galdegin ahalko dute.

Markak hausten
Etenik gabe gorantz gehitzen segitzen dute covid19ak eragindako kutsatze kasuek. Ostegunera arte ez ditugu ezagutuko udalerrietako datuak. Gogoan izan, asteleheneko azken datuen arabera, 2821,81ko intzidentzia du koronabirusak Usurbilen.  EAE mailako azken 24 orduotakoak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Astelehen honetan 6.568 kasu positibo antzeman ditu Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko 24.315 probetatik. "Zoritxarrez errekor berria", Gotzone Sagardui osasun sailburuaren esanetan. Igandean 4.265 izan ziren. 2.285 kasuraino igo da 100.000 biztanleko 14 eguneko koronabirusaren intzidentzia, iragan astean 1.245ekoa zen. 1,50ean da oinarrizko birsorkuntza tasa. 357 pertsona daude ospitaleratuak, 111 ZIU-n (iragan astean baino 10 lagun gehiago).

Omicron aldaeraren 220 kasu detektatu zituzten iragan astean, kasu guztien %23a izan ziren. Ordutik aldaera honi lotutako agerraldiak hirukoiztu direla berri eman du Osasun Sailak. Une honetan "aldaera nagusia" dela dio Jaurlaritzak. 

Covid19 kasu berrien gorakada itzelaren atzean, Eusko Jaurlaritzaren esanetan, "omicron aldaeraren agerraldiak eta interakzio sozial handiak" daude. Edozein kasutan, adituen lehen azterlanen arabera, transmisioa aurreko aldaerena baino handiagoa izan arren, infekzio larriak izateko aukera baxuagoa da, "are baxuagoa txertatuengan. Honek txertoak eraginkorrak direla erakusten du" Osasun Sailaren esanetan. Dagoen kutsatu kopuru itzelarekin ospitaleetara jende gutxiago heltzen ari dela dio osasun sailburuak, nahiz "zenbaki absolutuetan" ospitaleko presioa handia izan. Baita lehen arreta zerbitzuan, anbulatorioetan ere.

Osasun Sailaren arabera, egunero kontaktu estuen 10.000 eskaera baino gehiago kudeatzen ari dira webguneko formulario bidez. Beste 3.000 hitzordu farmazietako testen bidez. Sare pribatutik ere 500-600 eskaera heltzen ari dira osasun sistema publikora astero. 

Informazio gehiagorako: euskadi.eus / osakidetza.eus