Sarek urteko azken ostiraleko mobilizazioa deitu du gaurko

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 30a, 07:14

Urteko azken ostiral honetako mobilizazioa ordea ez da ohiko moduan 20:00etan izango. Ordubete aurreratu du hitzordua Sarek, 19:00etara.

Euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna hilero moduan, abenduko azken ostiral honetan. Nahiz, abenduko azken ostiral hau urteko azken egunarekin egokitu den. Sarek elkarretaratzea deitu du ohi bezala Mikel Laboa plazan, baina ordua aldatu egin du; ordubete aurreratu du hitzordua. Ez da ohi bezala 20:00etan izango, iluntzeko 19:00etan baizik.

Mobilizazio artean agurtuko du Sarek urtea eta 2022ari ere modu berean emango dio ongi etorria, mobilizatuta. Osasun krisialdiak baldintzatuta halere. Sarek urtero moduan Bilbon antolatua zuen manifestazioa urtarrilaren 8rako. Arratsaldeko 17:00etan abiatzekoa zen La Casillatik, “Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. Bidean” aldarripean. Baina azken asteotako covid19 kasu agerraldien gorakada etengabeak antolatzaileak hitzordua bertan behera uztea bultzatu ditu. Bigarren urtez segidan, urte hasiera honetakoa ere egiterik ez baitzen izan. Horren ordez, Bilbotik herrietara eraman zituen mobilizazioak Sarek. Oraingoan ere formula bera errepikatzea erabaki dute. Ez da izango manifestaziorik Bizkaiko hiriburuan, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan baizik, egun eta ordu berean.

Baita Usurbilen ere. Usurbilgo Sarek ere deialdiarekin bat egin eta manifestazioa iragarri du urtarrilaren 8rako, arratsaldeko 17:00etan udalerri honetako kaleetan barrena. Egunotan emango dituzte xehetasun gehiago.