Haurrentzako hileroko euskarazko film proiekzioa, astebete beranduago

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 31a, 08:00

Negu parterako gaztetxoenentzako euskarazko filmak hilero lehen igandeetan proiektatzen diren arren, ekitaldi ezberdinak tartekatzen ari diren egunotan, astebetez atzeratu dute antolatzaileek urtarrilekoa, hilaren 9ra hain zuzen.

Abenduaz geroztik martxan dute beste behin Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak negu parte honetarako euskarazko film proiekzioen zikloa. Hilero lehen igandeetan eskaintzen dituzte haurrentzako ikus-entzunezkoak euskaraz. Abenduaren 5an "Zutik!" eskaini zuten. Berez igande honetan egokituko litzateke hurrengo proiekzioa, urtarrilaren 2an. Baina astebetez atzeratu dute emanaldia, urtarrilaren 9ra. Gogoan izan, Usurbilgo Udalak igande arratsaldean zabalduko duela Gabonetako Haur Parkea Oiardo Kiroldegian.

Aipatu moduan beraz, neguko euskarazko zine zikloaren baitako hurrengo film proiekzioa, urtarrilaren 9an, ohiko ordu eta lekua, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan. Sarrerak jada usurbilkultura.eus plataforman eskura daitezke 3 eurotan. Aitor Arregik eta Iñigo Berasategik zuzenduriko "Glup" filma eskainiko da.

"Glup" filmaren proiekzioa
Eguna: urtarrilak 9, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "“Erosi, erabili eta bota”; hori da ohikoena gaur egungo bizimoduan. Dendak hustu egiten dira eta zabortegiak bete. Film honetako istorioa zabortegi batean gertatzen da, eta Glup eta Alize ditu protagonista nagusi. Zabortegi hori Komun jaun maltzurrak gobernatzen du eta bere eskuetan jausten den edozer gauza errausketa-labera bidaltzen du. Glup gabardina zaharrak eta bere zabor taldeak bakarrik egiten diote aurre haren tiraniari. Baina lagun berri bat egingo dute: Alize, zabortegian ustekabean jausi eta etxera itzultzen ez dakien neskatoa. Bere irrati maitea galdu du zabortegian eta hura gabe ezin da etxera itzuli".
Zuzendariak: Aitor Arregi, Iñigo Berasategi.
Sarrera: 3 euro aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza G.E.