Erregeen gutunak biltzeko postontzia Sutegin

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 3a, 08:48

Urtarrilaren 5erako hitzorduak prestatzen ari da Ziortza Gazte Elkartea. Iaz bezala, bigarren urtez oraindik pairatzen ari garen osasun krisialdiak baldintzatuko ditu ospakizunok. Goiz parterako iragarria zegoen erregeen postariaren bisita bertan behera utzi dute. Horren ordez, iaz bezala, postontzia jarri dute Sutegin.

Badatoz erregeak Usurbila. Bidean datoz, bi egun barru, urtarrilaren 5ean helduko dira. Bigarren urtez ordea covid19agatik ezarritako prebentzio neurrien artean. Ziortza Gazte Elkartea Meltxor, Gaspar eta Baltasarri egingo zaien harrera prestatzen ari da. Osasun krisialdiagatik hain egoera ezegonkorra dugun honetan, bi hitzordu ospatzea aurreikusten zuten asteazken honetan. Baina bat jada bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak.

Batetik, goizez, iaz ez zuten halakorik egiterik izan, baina aurten bai, erregeen postaria goizean frontoira etortzekoa zen. Gaztetxoenen eskutitzak bildu asmo zituen "baina covid19 egoeraren bilakaera ikusita Usurbilen urtarrilaren 5ean goizean antolatuta geneukan postariaren etorrera bertan behera uztea erabaki da". Alternatibarik bilatu diote hitzorduari. Iazko formula errepikatzea erdietsi dute. "Sutegiko sarreran postontzi bat jarri dugu gazteenek haiek gutunak botatzeko".

Eta arratsaldez, aldaketak izango dira erregeen kabalkadan. Aipatu moduan, azken orduko aldaketarik ez bada, herriko kaleetan zehar ikusiko ditugu erregeak. Bizi dugun osasun krisialdiagatik ordea, erregeei ez zaie harrerarik egingo frontoian, amaierako ekitaldia ez da ospatuko beraz pilotalekuan.  

Erregeen kabalkada
Urtarrilaren 5era arte

Erregeentzako gutunak jasotzeko postontzia Sutegin.

Urtarrilak 5, asteazkena

17:00 Meltxor, Gaspar eta Baltasar gurean izango ditugu herriko kaleetan zehar.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.