Prebentzio neurriak hartuta helduko dira gaur erregeak

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 5a, 14:18

Bigarren urtez jarraian, osasun krisialdira egokitutako erregeen bisita izango dugu asteazken arratsalde honetan.

Ziortza Gazte Elkarteak prest du guztia asteazken arratsalde honetan erregeei harrera egiteko. Antolaketa lanetan bigarren urtez segidan, zeharo aldakorra zen faktore bat hartu behar izan dute kontuan; oraindik orain pairatzen segitzen dugun osasun krisialdia. Krisialdi honek egun bizi duen egoerara egokitu behar izan dute erregeeen bisita eta hasiera batean aurreikusia zuen egitaraua ere aldatu behar izan dute azkenean.

Pandemia aurreko urteetan erregeei aurre hartzen zien postariak. Goizean frontoian izaten zen haurren eskarien gutunak biltzen. Iaz osasun krisialdiagatik bertan behera utzi zuen Ziortzak hitzordu hau. Aurtengoan bai, ospatu asmo zuten, baina osasun krisialdiak egun bizi duen egoera tarteko, azkenean bertan behera uztea erabaki dute. Goiz partean beraz postaririk ez da izango frontoian. Horren ordez, aste hasieratik Sutegi sarreran postontzi bat kokatu du Ziortzak, eskariak Meltxor, Gaspar eta Baltasarri helarazteko.

Kabalkada bai, ospatuko da, baina iazkoaren antzera. Erregeak kalez kale ikusiko ditugu arratsalde partean. Baina frontoian izan ohi den amaiera ekitaldirik ez da izango.

Erregeen kabalkada
Urtarrilaren 5era arte

Erregeentzako gutunak jasotzeko postontzia Sutegin.

Urtarrilak 5, asteazkena

17:00 Meltxor, Gaspar eta Baltasar gurean izango ditugu herriko kaleetan zehar.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.