"Geuretik sortuak"

Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek laster aurkeztuko dituzte sortze lan berriak

Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoko bi parte hartzaileak laster dira aurkeztekoak iaz, Yolanda Arrietak Etxarri-Aranatzen eta Ugaitz Agirrek Artziniegan garaturiko sorkuntza lan berriak.

Udalbiltzaren barnean diren udalek, tartean Usurbilgoak iaz euskal sorkuntza eta kulturgintza sustatzeko martxan jarritako "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan euskarazko film labur, antzezlan eta eleberri ezberdinak sortu dituzte iragan urtean zehar beste hainbeste euskal sortzaileek. Haien sorterritik kanpo Euskal Herriko beste udalerri batean eginiko egonaldietan bideratu dituzte lan guztiok. Parte hartzaileen artean dugu batetik, iazko uztaila Usurbilen bizi izan zuen Itxaro Borda idazlea. Eta baita bi herritar ere; batetik Artziniegara joan zen Ugaitz Agirre eta Etxarri-Aranatzen egonaldia egin zuen Yolanda Arrieta. Idazleak biak, bizi-esperientzia horren baitan sorkuntza lan bana bideratu dute.

Lan guztiok gero Euskal Herrian barrena aurkeztea zen Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren helburua. Eta heldu da unea. Metrokoadroka Sormen Laborategiak landutako "Bidaide" izeneko antzezlanaz gozatzeko aukera izango dugu urtarrilaren 22an Sutegin. Usurbilgo bi idazleon lanak ere laster hasiko dira aurkezten Euskal Herrian barrena.

Gogora dezagun, sorkuntza lan hauen abiapuntuan zirela Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek NOAUA!ri eskainitako elkarrizketok. Laster izango dugu egitasmo honen bidez bizi izan duten esperientziaren berri.

Ugaitz Agirre: “Sortze lana ikuspegi nazionaletik garatzea zeharo interesgarria da, beharrezkoa ere”
Zerk bultzatu zintuen egitasmoan parte hartzera?
Ugaitz Agirre:
Interesgarria iruditzen zitzaidan eta proiektu bat pentsatu, garatu eta bidaltzera ausartu nintzen. Literatura lan bat sortzea beti da erronka bat. Kasu honetan, bitxia; toki batera joan, bertan egonaldi bat egin, ikusi han zer dagoen eta horri buruz idatzi. Etxean egoten naiz, pentsatzen dut mila ideietan eta ez dut dokumentazio lan bat egin behar. Hau erronka bat da da, baldintzetako bat herri hori erakustea delako, istorioaren girotzea bertan egiten delako. Horregatik ezin du izan azaleko lan bat.

Idazleok sortzeko behar izaten duzuen ohiko konfinamenduarekin hausten du.
Etxean idazten aritzea ez zait hain gogorra iruditzen. Honek bultzatzen zaitu jendearekin hitz egin, zoazen lekuko jendearen berri izan...

Artziniegan egingo duzu egonaldia. Herri honetatik zerk deitu du zure arreta?
Proiektu bat aurkeztu behar zen. Lapurreta bati buruzkoa da. Lapurreta Artziniegako sinbolo batean zentratu nahi dut. Bertan bada euskal kultura eta ondasunen inguruko museo interesgarria. Artziniegara bere arbasoen sustraien bila datorren atzerritarra litzateke protagonista. Ez dakit Artziniegan ideia aldatuko dudan. Batzuetan nahiko egoskorra naiz buruan sartzen zaidan ideia batekin eta bukaeraraino joaten naiz.

Euskal Herri osoko sortzaileak, udalerriak dantza batean jarri ditu egitasmo honek. Zer ekarpen egiten du ekimenak une honetan?
Azkenean diru laguntza batekin ari zara proiektua garatzen. Aurretik sendotasun bat du proiektuak. Sortze lana ikuspegi nazionaletik garatzea zeharo interesgarria da, beharrezkoa baita ere, halako proiektu gutxi izango dira, Korrika bakarrik bururatzen zait. Gainera, egileen profilaren arabera jokatu dute. Sorterritik kanpora mugitu gaituzte. Ni periferiara noa, bada erronka bat zentzu horretan.

Euskal Herriaren kohesiorako egitasmo garrantzitsua beraz.
Sortutakoa zabaltzen joango dira gero. Herri desberdinetan aurkeztuko dira lanak. Bitxia izango da proiektu desberdinak, ekintza, toki eta pertsonaren arabera nola aldatzen diren ikustea. Interesgarria izango da.

Zer ekarpen egingo dio proiektu honek zure ibilbideari?
Maila praktikoan, beste lan fisiko bat suposatuko du. Maila pertsonalago batean murgiltze lan bat. Lan antropologiko bat egin behar da eta horrek nire baitan beste dinamika bat sortzea suposatzen du, idazteko beste era bat ezagutzea. Ez dakit etorkizunean erabiliko dudan, ea nola ateratzen zaidan.



Yolanda Arrieta: “Deialdi honek lana errazten digu eta sortzaileok hori nahi dugu”
Egitasmo honek nolatan erakarri zaitu?
Yolanda Arrieta:
Gehiegi pentsatu gabe aurkeztu nuen proposamena. Aurten gainera hala nabil. Bi gauza praktiko; idazteko laguntza ematen digute eta lan egiteko aukera dut. Halakoak egin izan ditut lehen, Hendaiako Nekatoenean egon nintzen duela bospasei urte “Argiaren alaba” txukuntzen, neure kabuz Markiñako fraideen komentuan, Arantzazuko aterpetxean... Proiektu honetan ordea dena antolatua zegoen, talde egitasmo bateko partaide izateko aukera ere bazen. Nire web orriaren antzera, nitik gurako zubi horretan lan egitea gustuko dut.

Zure ibilbidearekin bat dator beraz proiektu hau.
Gustuko lana dut, baina bizimodua aurrera atera behar dut. Urteak bete arren baldintzak ez dira hobetzen. Gainera garai hau bizitzea tokatu zaigu. Adiskidetu beharra dago halere tokatu zaigun aldi honekin, eta pentsamendua gauza ederretan jarri. Ni lanean nagoen artean, aktibo, indartsu nago eta aldarrikatu egiten dut gainera, sorkuntza dela une honetan eta beti, ondo, baikor eta osasuntsu egoteko modu bat.

Etxarri-Aranatzen egingo duzu egonaldia. Nola bideratu asmo duzu zure sortze lana?
Proposamen malgu bat egin genuen eta pertsonengan finkatu nintzen. Pertsona moduan zer da orain arte bizi izan duzun gauza handienetarikoa, horrekin zer galdu duzu eta irabazi duzu. Planteamenduan ere adierazten nuen nire estrategia izango dela hara joan eta bertako jende ezberdinarekin egotea. Haiek esandakoarekin, nik neuk ikusi eta sentitzen dudanarekin, nitik pasako dut, eta hortik sortuko den hori izango da emaitza. Fikzioa izango da, hori beraiei esan nien.


Denon artean Euskal Herria hobeto ezagutzen lagunduko diguzue.

Azken batean “Geuretik Sortuak” da proiektuaren izena eta geurea denok gara. Euskarak batzen gaitu, geu egiten gaitu euskarak. Baina geu horretan ni desberdin asko daude eta aukera dut Etxarriko ni ezberdinak ezagutzeko eta hori da niri interesatzen zaidana. Datorren urtean, bakoitzari beste herri batzuetara joatea egokituko zaigu geure lanak aurkeztera. Aberasgarria da. Sorkuntzaren berri ematen diozu jendeari, jendeak sormen prozesua hurbilago ikusten du eta haien ikuspegia ematen dute.


Lagungarria iruditzen zaizu kulturgintzarako egitasmo hau?
Kultura sustatzeko modu asko egon daitezke, eta niri modu aktiboak gustatzen zaizkit. Ekimen, beken, halakoen aldekoagoa naiz. Pandemiagatik iaz diru laguntzak egon ziren besterik gabe idazlea edo sortzailea zarelako, halakoak ere behar dira. Baina ekimen hau aktiboa da. Diru-laguntza bat dago, etxea jarri eta jana emango digute, horixe behar dugu lan egiteko. Lana errazten digute eta sortzaileok nahi duguna lana erraztea da. Lan zaindua, babestua izatea, laguntzari karitate puntu hori kenduta.

Lagundu zure lana egiteko, ez lagundu bizirauteko.
Une batean laguntza guztiak laguntza dira eta gustura hartzen dira baina hau, gerora begira beste batzuk kopiatu dezaketen eredu bat da, lan egiten laguntzen baitigu.

Erlazionatuak

Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre, "Geuretik Sortuak" egitasmora bidaiatzeko prest

Usurbil

Euskarazko sorkuntza sustatzeko Udalbiltzak abiarazitako "Geuretik Sortuak" beka deialdian parte hartuko dute Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre her...