Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probarako dortsalak agortu dira

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 14a, 13:22

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, urtarrilaren 30eko Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probarako dortsalak agortu egin zaizkie. Izen ematea beraz itxita dago jada.

500 lagunentzako lekua zuten urtarrilaren 30ean ospatuko den Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" proban. Duela aste gutxi dortsal gutxi geratzen zitzaizkiela ohartarazi zuen antolakuntzak. Oharra eguneratu behar izan dute ostiral honetan, agortu egin zaizkie eta. Dortsalak agortuta, izen ematea ere itxi egin dute, bai aldez aurretikakoa nahiz proba egunekoa. "Aurtengo IRISASIrako ez dago izena emateko aukerarik. Ezta itxaron zerrendan ere. Aurreikusitako plaza guztiak bete dira eta probaren egunean bertan ez dugu dortsalik izango", ohartarazi dute Irisasi BTT-tik.

10. edizioa
Iaz bertan behera utzi behar izan zuten osasun krisialdiagatik. Urtebete beranduago bai, hamargarren edizioa ospatzeko moduan izango dira Irisasi BTT taldekoak. "Hotzak akabatzen" mendi bizikleta gaineko hamargarren edizio borobila antolatzen ari dira urtarrileko azken iganderako, hilaren 30erako.

Goizeko 9:00etan abiatuko dira parte hartzaileak frontoi ingurutik. Ohi bezala, Andatzari itzulia emateko aukera izango dute bizikleta gainean.

Araudia
1.-2022ko urtarrilaren 30ean IRISASI BTT “hotzak akabatzen” martxa ospatuko da. Martxa hau ez da lehiakorra eta parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da eta 14koa baldin eta partaideak uneoro heldu arduradun bat eramaten badu ondoan.
2.- Martxa ez da lehiakorra, eta beraz, trafikoa zein beharrezkoa den zirkulazioa zabalik egongo da. Ibilbidean zehar, eskualdeko errepidea zein mendikoa erabiltzean, partaideak bide zirkulazioaren arauak bete beharko ditu eta bera izango da egin ditzakeen arau-hausteen eta arduragabekerien arduraduna.
3.- Sinatzaileak, medikuaren debekurik bertan egingo den ariketa fisikoa burutzeko ez daukala aitortzen du.
4.- Sinatzaileak, Irisasi BTT, Andatza Mendizale Elkartean eta probaren antolakuntzan parte hartzen duen pertsona oro, bertan izandako edozein ezbeharretatik salbuestea onartzen du, ez bada antolakuntzaren arduragaberiaren ondorio.
5. IRISASI BTT proba herrikoiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa den eta kudeatzen duen “Irisasi” Herri Onurako mendiaren bide eta gune naturalak zeharkatzen ditu. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe. 
6- Kaskoa derrigorrezkoa da.
7- Izen-emandako parte hartzaile guztiak erantzukizun zibileko aseguruarekin babestuta egongo dira, baldin eta egiazkoak diren izena emateko orrian emandako datuak.
8-Emandako datuak, martxaren antolakuntza hobeto kudeatzeko, gure fitxategietan sartuko dira. Parte-hartzaileak martxaren zehar argazkiak hartzea eta hauek erabiltzea onartzen du, beti ere norberaren edo beste inoren moralaren, ohorearen eta irudiaren aurkakoak ez badira.

Federatuentzako oharra
"Federatu gisa izena ematen duen parte-hartzaile orok, indarrean duen kirol-lizentzia edo aseguru-mota edozein dela ere, proban gertatutako balizko istripuengatik ez dio IRISASI BTT "hotzak akabatzen" antolakuntza taldeari inolako kalte-ordainik edo beharrezkoa duen baliabiderik erreklamatuko". 

Izen ematea eta informazio gehiago:
Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" 2022
Facebook:
IrisasiBtt