Kulturgileen elkargunea geroz eta gertuago

Erredakzioa 2022ko urt. 15a, 20:03

Usurbilgo kulturgileek elkargunea sortzeko bigarren bilera egin dute  goizean. Azaroaren erdialdean eman zieten hasiera partehartze prozesuari Udarregi Ikastolako erdiko aretoan, eta ordutik hausnarketarako tartea izan dute. 

Azken bileran, herrian egin ohi diren ekitaldi nagusiak aztertu dituzte eta marko teoriko batean oinarrituta, azterketa sakonak egin dituzte talde txikitan. Sormenetik abiatu, zein espazio erabiltzen diren aztertu, komunikazio biderik ohikoenak aurreikusi eta transmisio iturri nagusiak zerrendatu dituzte. Guzti hori modu sakonagoan aztertzeko, ekosistema osatzen duten elementuak aztertu dituzte, ondo baino hobeto baitakite elementu bakoitza ezin garrantzitsuagoa dela kultura sustatu eta zabaldu eta kulturzaletasuna sortu ahal izateko. 

 

Sortzaileak ezinbesteko elementuak dira kulturzaletasuna bultzatzeko bidean, baina prozesu hori luzea dela ondo baino hobeto dakite kulturgileek eta antolatzaileez gain, hedabideak, hezitzaileak eta zaleak ezinbesteko dituztela ondo baino hobeto dakite. Ikuspuntu teoriko guzti hori praktikan jarri dute Usurbilen egin ohi diren ekintza nagusiak adibidetzat hartuta: Dantza Eguna edo urterokoak diren ekitaldi jendetsuenak eta potoloenak aztertuta. 

 

Bigarren bilerarako elementu horien atzean dauden eragile nagusien mapa zehaztuta zeukaten kulturgileek, baina bigarren honetan kasuak banan-banan aztertu dituzte herriko funtzionamendua marraztu eta nola hobetu daitekeen ikusteko. Gisa honetara, kulturgileen elkargune izango denak eragiteko plan nagusi bat izango du eta ustez modurik eraginkorrenean eragin ahal izango du ahalik eta jende gehien kulturara hurbildu eta kulturzale berriez gain, kulturgile berriak ere sor daitezen. Talde txikitan ariketa ugari egin dituzte gaiari zukua ateratzeko, eta ondorio orokor batzuk atera ostean, hurrengo saioan gehiago sakontzeko aukera izango dute.