"Geuretik Sortuak"

Metrokoadroka: "Gure emanaldiak oso bisualak eta plastikoak dira"

Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 10:32

Metrokoadroka Sormen Laborategiak 'Bidaide' antzezlana eskainiko du larunbat honetan Sutegin. Idoia Beratarbide eta Iraia Elias zuzendariekin izan gara NOAUA! antzelanaren nondik norakoak ezagutzeko. 

NOAUA! ​​Geuretik Sortuak bekaren bidez jarri zenuten martxan Bidaide antzezlana. Zein berezitasun du zuen proiektuak beka bat irabazteko?

Metrokoadroka: Hori epaimahaiak esan beharko luke. Gure irudipena da gaiari dagokionez, saiatu garela gutxitan landu den kulturari buruzko ikuspegi bat lantzen: herriz herriko kulturgileena. Aurretik performance bat egina genuen Oiartzunen, “Txolarte” izenekoa, zeinean kolektiboaren gaia landu genuen. Hor hasi ginen elkarrizketak egiten, eta deskubritzen zenbat istorio txiki eta eder dagoen kontatu eta transmititu gabe kultur antolakuntzaren inguruan. Ideia horri heldu genion, besteak beste, oholtza gainean gabiltzanok ere sarritan ibiltzen garelako eragiletzan eta antolakuntzan.

 

Zein dira antzezlanean landuko dituzuen gairik mardulenak?

Anonimotasuna, ikusezintasuna, kontatu gabekoa, artea eta herrigintzaren arteko harremana... Guztia modu poetiko eta umoretsuan.

 

“Bidaide antzezlana modu bisual, poetiko eta umoretsuan aldiro modu ezberdinean gauzatuko den teatro-ekintza da”, horrela azaldu digute antzezlanaren mamia. Nola egiten dute bat poesiak, umoreak eta iruditeriak?

Gure lan egiteko moduan ez dugu aldez aurretik testu bat idazten. Talde lanean abiatzen gara, gai baten inguruan irudi poetiko fisikoak sortzen. Irudi horietan saiatzen gara esku artean dugun gaia azaleratzen, baina senari jarraituz, hitza eta arrazoia erabili gabe, barruan dugunari aterabidea emanez, inkontziente kolektiboari hitz egiten uzten saiatuz. Amaieran etortzen da hitza irudiok janztera. Modu horretan, gure emanaldiak oso bisualak eta plastikoak dira abiapuntuan, eta poesia seguraski irudi horiei hobekien egokitzen zaien kontatzeko modua da.

 

Zuzendari eta aktore ere bazarete. Nola uztartzen dira bi lanak?

Aurretik egin izan dugu gauza bera, “Andrezaharraren manifestua” emanaldian adibidez. Egia da honakoa lan handiagoa eta sakonagoa dela, eta erronka oso handia izan dela. Lehenik eta behin taldeak sortutako material guztiak sortzeko proposamenak egiten joan ginen, obraren hezurdura osoa sortu genuen arte. Azken fasean, itzaleko lana egiten aritu diren beste taldekide batzuek eskaini digute kanpo begirada, dagoeneko sortua zegoen horretan gu ere oholtza gaineko interpretazio lanean murgildu ahal izateko. Azkenean, guk zuzendaritza artistikoa egin dugu, baina horretarako sostengua talde dinamika bera izan da.

 

Lekuan lekuko artistak oholtzara igotzen dituzue ikuskizunean. Usurbilgo emanaldirako artista gonbidatuak aukeratu dituzue jada? Zer aurreratu dezakezue?

Hori bazen hasierako ideia, baina obra egin ahala, normala denez, hautuak eta erabakiak egokitzen joan behar izan dugu, obraren bilakerak berak eskatzen zigunaren arabera. Artistak igotzearen ideia aldatu egin da, eta egiten dugunak elkarrizketa forma hartu du: herri bakoitzean bertako bi kulturgile elkarrizketatzen ditugu zuzenean.