"Geuretik Sortuak"

Itxaro Bordak Usurbilen girotutako sortze lana, Sutegin eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 20a, 08:31
Argazkia: Usurbilgo Udala.

Usurbilgo Udala kide duen Udalbiltzak sustatutako "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan, Itxaro Bordak iazko udan Usurbilen egindako egonaldiaren baitan idatzi zuen sortze lana eskuragarri duzue Sutegin. Gogoan izan, otsailaren 2rako antolatu den solasaldian aurkeztuko duela.

Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" izeneko egitasmoaren baitan, "Gauak zuri Usurbilen" izeneko sortze lana ondu du Itxaro Borda idazle baionarrak udalerri honetan bertan iazko uztailean egin zuen egonalditik. Euskal kultura eta sorkuntza bultzatzea helburu duen proiektuaren baitan ipuinak, film laburrak eta antzezlan hainbat sortu dituzte euskaraz beste hainbeste norbanako zein talde ezberdinek.

Landutakoa aurkezteko ordua heldu da orain. Usurbilen zenbait hitzordu izango ditugu hurrengo asteotan. Batetik, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren "Bidaide" antzezlana ezagutzeko aukera izango dugu larunbatean, urtarrilaren 22an. Eta otsailaren 2an, Itxaro Bordak Usurbilen bertan bideraturiko sortze lana aurkeztuko du baita. Ekitaldian gainera, Bordaren zein gainerako idazleen ipuinen bilduma lana, "Hamazpigarrenean aidanez" izenekoa aurkeztuko da. Bilduma horretako sortze lanen artean dira bi herritarrenak; Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirrerenak. "Sorkuntza-lanaz, euskal kulturaz eta literaturaz aritzeko saioa izango da. Lide Hernandok gidatuko du", iragarri du Usurbilgo Udalak.

Girotzen hasteko Sutegi udal liburutegitik iragarri dutenez, Bordaren sortze lana bertan eskura daiteke. "Sormen lana laburra da, 40 orrialde ditu eta Sutegi liburutegira gerturatzen bazara, ale bat emango dizugu; horrela, saiora etortzeko asmorik izango bazenu, ipuina aldez aurretik irakurrita "doble" gozatuko zenuke", adierazi dute udal liburutegikoek sare sozialen bidez.

"Geuretik Sortuak"
Urtarrilak 22, larunbata
18:00 "Bidaide" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Aktoreak: Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias eta Idoia Hernandez "Hatxe".
Zuzendariak: Idoia Beratarbide eta Iraia Elias.
Sinopsia: "Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien barrutik? Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana. Bidaide antzezlana modu bisual, poetiko eta umoretsuan aldiro modu ezberdinean gauzatuko den teatro-ekintza bat da. Herrietako kulturgileen jarduna gogoan, agian ekintza bera delako, orain eta hemen egin-egiteko behar hori, etorkizunak amesteko aukera ematen digun bultzadarik garrantzitsuena".
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Udalbiltza.

Otsailak 2, asteazkena
19:00 Literatur solasaldia Itxaro Bordarekin Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Geuretik Sortuak proiektuak euskara hutsean egindako "artearen eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena" sustatu ditu. Euskal Herriko herri ugarik hauspotu dute, tartean, Usurbilek. Literatura, zinea eta antzerkigintza izan dira jorratutako diziplinak. Itxaro Bordak Usurbilen egin zuen sorkuntzarako egonaldia, eta hari eskaini ondutako ipuina. Borda eta ekimenean parte hartutako gainerako idazleen ipuinak bildu dituen lana aurkeztuko dute orain: "Hamazazpigarrenean aidanez". Hura aurkezteko gurean izango dugu Itxaro Borda bera. Sorkuntza-lanaz, euskal kulturaz eta literaturaz aritzeko saioa izango da. Lide Hernandok gidatuko du".
Izen ematea: doan usurbilkultura.eus plataforman, urtarrilaren 31ra arte. 93 lagunentzako tokia egongo da.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Udalbiltza.