Etxealdiaren egoera aztertu eta auzoak dituen beharrei erantzuteko bidea lantzen hasiak dira

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 20a, 11:00

Asteazken iluntze honetan Usurbilgo Udalak bizilagunekin auzoan bertan eginiko topaketan Etxealdiak dituen beharrak jaso eta epe labur zein luzeagora begirako lehentasunak finkatzen hasi ziren. Aparkaleku eta irisgarritasun arazoak izan ziren auzotarrek aipatu zituzten gabezia nagusiak.

Usurbil osatzen duten auzo eta herriengan arreta jarria du udal gobernu taldeak legealdi hasieratik. Besteak beste, etorkizuneko udalerria diseinatuko duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) lanketaren baitan zenbait parte hartze prozesu bideratu ditu Aginagan edota Zubietan, martxan dute Santueneakoa. Herritarrekin batera bideraturiko saioen bidez, ekarpenak bildu eta HAPO horretan txertatuko dituzte. 

Formula bera errepikatu asmo dute orain Etxealdian. Aurtengorako onartuak dituzten 2022ko udal aurrekontuak aurkeztu eta herritarren proposamenak biltze aldera, hainbat ekarpen jasotzeko bilerak deitu zituen EHBilduren udal gobernu taldeak azaroan zehar, auzune desberdinetan. Estreinakoz baita Atxegalden eta Etxealdian. Etxealdiako saioan, gainerakoen antzera, auzoak izan zitzakeen beharrak ezagutzeko baliatu zuten hitzordua deitzaileek. 

Egunotan oroitu duten moduan, "Etxealdiako bizilagunek auzoari lotutako kezkak eta ekarpenak helarazi zizkieten udal ordezkariei". Eta azaroa hasieran Potxoenean egin zuten bilera hartan, "udal-gobernuak konpromisoa hartu zuen, batetik, udaberrian parte-hartze prozesu xume bat egiteko auzotarrekin, eta bestetik, San Esteban kalea irisgarri izateko eta oinezkoen segurtasuna lehenesteko proiektu bat idazteko". 

Aparkaleku falta eta irisgarritasun arazoak
Horren harira, lehen topaketa deitu zuen Udalak asteazken iluntzerako Etxealdian bertan. Udal ordezkaritza bat bertaratu zen auzora, auzotarrekin batera bildu eta zituzten ekarpenak biltzera. Auzoaren beharrak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten Etxealdian barrena egin zuten itzuliari esker.

Auzoko bizilagunen ahotan, hiru behar azpimarragarri nagusi; batetik, Etxealdian duten aparkaleku falta. Bizilagunek auzoan bertan autoa aparkatu ezinik dira eguneko hainbat uneetan. Gutun nahiz banaketa zerbitzuekin ere arazorik izan dute San Esteban izeneko kalearen harira. Etxealdiako San Esteban kalearen eta izen bereko auzoaren artean nahasketarik izan baita. Konplexua izango litzatekeen kalearen izen aldaketaz aritu ziren atzoko bileran.  

Bereziki ordea, irisgarritasun arazoak izan ziren bileran zehar azaleraturiko Etxealdiako gabezia nagusien artean. Irisgarritasun arazoak Kaxkotik auzora jaitsi nahiz auzotik Kaxkora igotzeko. Baita zenbait etxe atarietan ere, mugikortasuna oztopa dezaketen eskailerengatik. Kale Nagusitik Etxealdiara jaisteko aldapari dagokionez, eremu horretako "irisgarritasuna hobetzeko proiektua enkargatu dugu" adierazi zuten udal gobernu taldetik.

Beharrei aurre egiteko agenda
Hor dago errepidez bestaldeko tren geltokia eta Etxealdiak zonalde horrekin lotzen duen zubia ere. Udalak Eusko Trenbide Sarearekin bideraturiko elkarlanaren ondorioz, geltokia eta zubia eraberritzeko proiektua erredaktatua dagoela gogorarazi zuten udal gobernu taldetik. Ia 10 milioi euroko inbertsioaren baitan, zubiak nabarmen hobetuko lituzke egun geltoki inguruak dituen irisgarritasun eta segurtasun arazoak; besteak beste Etxealdiatik Atallu nahiz Santuenea aldera joateko trenbide-pasagunea ezabatuko da eta zubiak tren geltokiarekin nahiz Atallurekin lotura zuzena izango du. 

Etorkizunean gauzatuko den Etxealdia inguruko proiektuetako bat izango da. Baina ez bakarra. Auzoak dituen beharrei erantzuteko agenda lantzen hasi ziren atzoko bileran; epe laburrean bidera daitezkeen eskuhartzeak egin asmo ditu Udalak. 2022ko udal aurrekontuetan 15.000 euro erreserbatuak dituzte hain zuzen, "auzotarrek lehenesten duten inbertsioa burutzeko (auzo lokala txukuntzea, jolas parkea berritzea...)".

Epe luzeagora begira ere jarri asmo du Udalak; auzoaren etorkizuneko planeamendua landu asmo dute baita Etxealdiako bizilagunekin. Bizilagunekin lan saio batzuk egin eta jasotako ekarpenok 2023an hasieraz onartu asmo duten Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean txertatu asmo dituzte.