22. Korrika

Korrikaren aldeko petoak ere salgai

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 20a, 09:44

Urte amaieratik salgai dagoen 22. Korrikaren aldeko eskaintzari produktu berri bat erantsi dio AEK-k: euskararen aldeko lasterketa gure artera datorrenean jantzita eraman ahalko ditugun zenbatu gabeko petoak. Eskaintza osoa Etumeta AEK euskaltegian ikusi eta eskura dezakezue.

Abenduaz geroztik salgai dute Etumeta AEK euskaltegian, aurtengoan bai badatorren 22. Korrikaren aldeko materiala. Duela 24 ordu eman da ezagutzera apirilaren 8an, ostiral goizaldeko 6:26 aldera helduko dela euskararen aldeko lasterketa geure artera. Aginagako Mapiletik sartuko da, N-634 errepidetik barrena Usurbilera iritsi eta Kaxkoari itzulia emango dio. Handik Santueneara eta Zubietara joko du gero. Mapilen hartutako lekukoa Zubietako hipodromoan emango dio udalerri honek Lasarte-Oriari. 

Prestaketa lanak aspaldidanik martxan ditu AEK-k. Gogoan izan, izatez duela urtebete ospatu behar zuen Korrikak baina osasun krisialdia tarteko, 2022ra atzeratzea erabaki zuten. Antolaketa lanak martxan dira, bereziki Korrika sustengatzeko ekimenak. Batetik, arropa salgai duzue Etumeta AEK euskaltegian; tamaina eta kolore ezberdinetako kamisetak, biserak, giltzarrapoak... Online bidez ere eskura dezakezue korrika.eus atarian. Eta azken orduotan Usurbilgo euskaltegitik berri eman dutenez, zenbatu gabeko petoak ere eskuratzeko moduan gara. 

Zenbakidunak soilik lekukoa hartuko dutenek eraman ahalko dituzte, aurrez Korrikaren ibilbideko zati bat erostea erabaki dutenek hain zuzen. Kilometro erosketak otsailaren 1etik aurrera bideratu ahalko dira. Historikoki Usurbilen herri eragile (talde, elkarte...) eta erakundeek egin ohi dituzte kilometro erreserbak, baita lantegiek, ikastetxeek, lagun koadrilaren batek...

Etumeta AEK euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

"Hitzekin"
"Hitzekin" da 22. ediziorako hautatu duten leloa, "euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako", antolatzaile lanak bideratzen ari den AEK-ren esanetan. Are gehiago, bizi dugun testuinguruan. "AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea". 

Korrikak oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik". 

Xehetasun gehiago korrika.eus atarian jaso ditzakezue.