Aniztasunaren Kontseilua bildu da estreinakoz

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 3a, 11:51

Elkarbizitzan sakontzeko Usurbilgo Udalak urria amaieran aurkeztu zuen bide-orria jorratzen hasiak dira; estreinakoz Aniztasunen Kontseilua bildu da.

Usurbil harrera herri izateko erronkarekin aurkeztu zuen Udalak urria amaieran Sutegin, helburu horretara iristeko diseinatua zuen bide-orria; 2020an "Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" egitasmoaren baitan Udalaren enkarguz Aztikerrek eginiko diagnosian oinarrituriko elkarbizitza plana alegia. Zerrendatuak dituzte helburuak, helburu bakoitza betetzeko lehentasun maila ezberdineko ekintza sorta, eta baita lehen urrats zehatzak ere epe motzera.

Bide-orri hau ordea bakarrik ez zutela gauzatu nahi adierazi zuten Udaletik, eragile eta herritarrak bidelagun izan nahi zituztela. Eta horren argazkia da Udalak berak helarazitakoa, albiste honi atxikia duzuena. Asteazken honetan Potxoenean egin den bilerarena; estreinakoz bildu baita Aniztasunaren Kontseilua, "Udalaren eta Usurbilen zein Usurbildik kanpo herritarren arteko lankidetzarako gunea" izango dena. Elkarbizitza planak berak osatzea aurreikusten zuena.

"Aniztasunaren kudeaketa demokratikorako"
Bilgune honen bueltan batu dira, "migratzaileei laguntzen aritzen diren zenbait lagunekin batera, hamabost laguneko taldea". Atzoko saioa urrats garrantzitsutzat jo zuen alkate Agurtzane Solaberrietak; “jatorri desberdineko herritarren arteko harremana eta elkarbizitza sustatzeko bidean" eta ezinbesteko langunetzat jo zuen "udala eta herritarren arteko elkarlanerako, aniztasunaren kudeaketa demokratikorako, eta, batez ere, komunitate solidario, aktibo, kohesionatu eta inklusiboa lortzeko”.  Elkarbizitzan sakontzeko egin daitekeenaz jardun dute kontseilu honen lehen saioan.

Paraleloki bigarren lanketa mahai bat ere osatu duela berri eman du Usurbilgo Udalak, udal sail ezberdinen artekoa hain zuzen, "herritar guztien arteko elkarbizitzan sakontzeko sail bakoitzak egin ditzakeen ekarpenak identifikatu eta guztien arteko koordinazioa helburu".

Elkarbizitzan sakontzeko ezinbestekoak biak, Usurbilgo alkatearen esanetan. "Ezinbestekoak dira ezagutzan eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako ekimenak, arrazismoa edo diskriminazioa baztertu eta aniztasuna modu positiboan baloratzeko herri-ekimenak bultzatzea, eta, horrekin batera, udalak herritar guztien aukera berdintasuna bermatzeko lan egitea, jatorriaren araberako baldintzarik gabe, migrazioak dakarren aniztasun kulturala txertatuz udal-politika guztietan”.

Erlazionatuak