Udalbatzarra

Mendebaldeko Sahararekiko Espainiako Gobernuak izandako jarrera aldaketaren aurkako mozioa

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 6a, 08:22

Mendebaldeko Saharako gatazkari lotutako mozioa onartu zuen udalbatzak martxoaren 31ko osoko bilkuran.

Berriki antza, Espainiako Gobernuak Marokok 2007an Sahararako egindako autonomia-erregimenaren proposamena gatazka konpontzeko proposamen errealistena dela adierazi du. Udalak onarturiko mozioak kezkagarritzat jotzen du Espainiako Gobernuak “jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala”, hain zuzen “babesa ematen diolako Marokoko Erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari”.

Mozioak ohartarazten duenez, “aldaketa honek esan nahi du Marokok Mendebaldeko Sahara erabat bereganatzeko dituen asmo eta anbizioekin bat egiten duela Espainiako Gobernuak”. Mendebaldeko Sahararen gatazka politikoan duen “lotura historiko eta afektiboa” gogorarazten dio Madrili, eta ildo horretan, nazioarteko erakundeetan “modu aktiboan lagundu eta jardun dezala gatazkaren konponbidearen alde” eskatzen dio Espainiako Gobernuari.

Mozioak ezinbestekotzat jotzen du “konponbide politiko justu, iraunkor eta elkarrekiko onargarri batera iristea”, beti ere kontuan izanda, Nazio Batuen ebazpenak, alde guztiek duten erantzukizuna, “ikuspegi aldeaniztun eta eraikitzailea”, eta “Saharako Herriaren borondatea askatasun osoz adierazteko eskubidea". Ildo horretan, funtsezkotzat jotzen du “Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea” eta horretarako inplikatutako alde guztiak elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko konpromisoa hartzea adierazten die.

Mozioa EAJ-ren ekarpenak txertatuta onartu zuten iragan asteko udalbatzarrean; EHBilduren eta EAJ-ren aldeko bozkekin honenbestez. Aurka bozkatu zuen PSE-k. Mozioko puntuekin bat egiten zuela adierazi zuen Patxi Suarez zinegotzi sozialistak. Beretzat gai zaila zela zioen. Espainiako Gobernuak Marokori Sahararentzat adierazitako autonomiaren aldekoa dela adierazi zuen, “ez helmuga bezala, abiapuntu” gisa baizik.


MOZIOA
Espainiako Gobernuak errotik aldatu du bere jarrera Mendebaldeko Saharako gatazkari dagokionez, Nazio Batuen ebazpenak eta Nazioarteko Zuzenbidea bera ere urratuz.

Halaber, Espainiako Estatuak, arrazoi historiko, politiko eta juridikoengatik, erantzukizun handia dauka bizi-bizi dirauen Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan.

Izan ere, 1975ean, Hagako Nazioarteko Auzitegiak legez kanpoko jo zituen "Madrilgo Akordioak". Ondorioz, Marokok ez dauka subiranotasunik Mendebaldeko Saharan, eta okupazioa legez kanpokoa da erabat.

Orobat Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Gobernuari etengabe erreklamatu dio potentzia kolonial administratzailea izanik-"de iure" ere bai Auzitegi Nazionalak 2014an ebatzi zuen autoaz geroztik-, ahalegindu dadila behar adina Saharako Herriak bere autodeterminazio eskubidea erabil dezan erreferendumaren bidez.

Komunikabide batzuen arabera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gutun bat bidali dio Mohamed VI erregeari, Marokok 2007an Sahararako egin zuen autonomia-erregimenaren proposamena gatazka konpontzeko proposamenik serioena, errealistena eta sinesgarriena dela esanez. Jose Manuel Albares, Atzerri, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak berak informazio hori baieztatu du.

Abdulah Arabi, Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak urteak daramatza Marokori etengabe atsegin ematen saiatzen, bere ustez deskolonizatzeke dagoen lurralde bateko potentzia administratzaile gisa ez dagokion anbiguotasunarekin jokatuz. Arabik berretsi du erreferenduma egin behar dela saharar herriak erabaki dezan.

Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udalak:
1- Bere kezka adierazi nahi du Espainiako Gobernuak babesa ematen diolako Marokoko Erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari, erabat arbuiatzen du Espainiako Gobernuko agintariek Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala. Aldaketa honek esan nahi du Marokok Mendebaldeko Sahara erabat bereganatzeko dituen asmo eta anbizioekin bat egiten duela Espainiako Gobernuak.

2-Espainiako Estatuak lotura historiko eta afektiboa duela Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan, eta, horregatik, Espainiako Gobernuari eskatzen dio Nazio Batuen Erakundean, EBn eta gainerako nazioarteko erakundeetan modu aktiboan lagundu eta jardun dezala gatazkaren konponbidearen alde, Nazioarteko Zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen arabera beti ere. Ildo horretan, Gobernuari eskatzen dio babestu ditzala Staffan de Mistura NBeko ordezkari aldeen arteko negoziazio-prozesu politikoari berriro ekiteko egindako ahaleginak eskatzen dio.

3-Ezinbestekoa dela konponbide politiko justu, iraunkor eta elkarrekiko onargarri batetara iristea, Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta asmoen esparruan, Nazio Batuen ebazpenekin bat etorriz, alde guztien erantzukizuna eskatuz, ikuspegi aldeaniztun eta eraikitzailea duen konponbidea helburu eta Saharako Herriaren borondatea askatasun osoz adierazteko eskubidea gauzatuz amaitu beharko litzatekeena.

4-Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea funtsezkoa dela adierazten du, Magrebeko herrialdeen arteko eskualde-lankidetzarako eta eskualdearen egonkortasuna, segurtasuna eta oparotasuna bermatzeko. Aldi berean inplikatutako alde guztiei eskatzen die uko egiteko probokaziozko edo indarrezko edozein ekintzari; eta konpromisoa hartzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin (MINURSO) hitzartetako akordioak erabat errespetatuz.