Badator 22. Korrika

AEK eta Korrika laguntzeko elkartasun zozketa egin du Udarregi Ikastolak

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 7a, 12:23

LH 6. mailako ikasleak AEK laguntzeko lantzen ari diren elkartasun proiektuaren baitan egin dute zozketa. Ostiral goizaldean gure artetik igaroko den 22. Korrikan lekukoa hartuko dute.

Urtero lantzen duten elkartasun proiektuaren baitan, AEK laguntzea erabaki dute aurtengoan Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak. Lanketa horren bueltan, hainbat ekimen bideratu dituzte azken asteotan. Besteak beste, Korrikaren materiala saltzen aritu dira Agerialde sarreran, arratsalde partean klaseak amaitu berritan; petoak eta pinak.

Errifen zozketa bat ere bideratu dute. Aste hasieran egin dute zozketa, ikastolatik LH 6. mailako ikasleek berri eman dutenez. "Apirilaren 4ean egin genuen zozketa eta otar berezi batez gain, Patri, Aialde Berri, Atxega, Txiriboga eta Artzabal jatetxeetako 2 pertsonentzako menuak zozketatu genituen", zehaztu dute.

Ekimen guztiokin bildutako laguntza, AEK-ri emango diote, "bere proiektuarekin aurrera jarrai dezan. Esker mila, otarra egiten lagundu diguzuenoi, jatetxe laguntzaileei eta errifak erosi dizkiguzuen guztioi". 

Gogoan izan, ostiral goizaldean gure artera helduko den 22. Korrikaren ibilbideko kilometro bat erosi dutela jasotako laguntza guztiarekin. LH 6. mailakoek beraz, estreinakoz lekukoa hartuko dute; Bordatxo parean izango da, Kaxkoari itzulia emango diote, Errekatxiki eta Kale Nagusitik barrena. Udaletxe paretik gora, Korrika urte askotan edota estreinakoz lehen aldiz Mikel Laboa plazatik igaroko da, ikasleok lekukoa daramatela. NOAUA! K.E.-ren esku utziko dute, BM saltoki parean.

 
 
 
 
 
Erlazionatuak