Jaietako Bertsio Gaua prestatzen hasteko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 13a, 09:18

Herriko musikariak oholtza gainera igoarazten dituen Bertsio Gaua berreskuratuko dute Usurbilgo jaien itzuleran. Hitzordua prestatzeko bilera deitu dute ostiral honetarako.

Pixkanaka hurbiltzen doazen Usurbilgo jaien itzulera prestatzeko lanak aurrerabidean doaz, eta gutxinaka xehetasun gehiagoren berri ere jasotzen goaz. Gogoan izan, ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko dira, osasun krisialdiak behartuta bi urtez Kultur Birak ordezkatu ostean, bueltan izango ditugun Santixabelak.

Festak iragartzeko egitaraua diseinatzeko txapelketa abian da. Maiatzaren 25era arte aurkeztu daitezke diseinu lanak. Bestalde, Bertsio Gaua ere berreskuratuko dute herriko festek. Bertsio Gauean, herriko musikariek parte hartu ohi dute; talde anitzen abestiak bertsionatu izan dituzte. Hitzordua prestatzen hasteko bilera deitu du Xauxar Txosna Batzordeak ostiral honetarako, maiatzak 13, iluntzeko 21:30etan Usurbilgo gazte mugimenduak Artzabalen duen gazte lokalean.

"Badatoz Santixabelak eta honekin batera Bertsio Gaua. Urtero bezala parte hartzeko asmoa dugunok elkartuko gara gure artean pixka bat antolatzeko!", ohartarazi dute txosna batzordetik. Bertaratzeko gonbita luzatzen dute. "Oraindik talderik ez baina parte hartzeko asmoa? Gerturatu zaitez bilerara eta zer edo zer polita osatuko dugu".

Bertsio Gauean parte hartu nahi izan baina bilerara agertu ezin dutenentzako oharra; kasu horretan, Xauxar txosna batzordeak Instagram-en duen kontuaren bidez hartuemanetan jartzera animatu dute edo 688 668 473 telefono zenbakira idaztera. "Eszenatokian nahi zaituztegu ikusi".

Erlazionatuak