Udalbatzarra

Hirigintza gai estrategikoak, eukaliptoa edota jubilatu elkarteak hizpide, azken udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 27a, 13:27

Denetariko gaiak hartu zituzten ahotan udal ordezkariek, osteguneko osoko bilkuran.

Hirigintza gai estrategikoak hizpide hartu zituen udalbatzak osteguneko osoko bilkuran. Batetik, Aginagako Elutx eremuari lotutako hirigintza hitzarmena onartu zuten. Inguru honetan, 27 etxebizitza eraiki eta Kaxkoarekin lotuko duen oinezkoentzako bidea egokitu nahi dute. Olarriondo eremuari lotutako hirigintza hitzarmena ere betiko onartutzat jo zuten. Kasu honetan, 316 etxebizitzako irizpide jasangarri eta ekologikoetan oinarrituriko "eko-auzo" bizigarria eraiki nahi dute, martxoko osoko bilkuran udal gobernu taldetik azaldu zuten moduan.

Handik hurbil, Kalezarren adinekoen auzunea ari dira eraikitzen. Eremu honen eraikigarritasuna handitzea erabaki zuen udalbatzak osteguneko osoko bilkuran. Handitze honek, aurreikusiak zeudenez gain, zaintza beharra dutenentzat eta haien zaintzaileentzat bizilekuak eraikitzea ahalbidetuko du, udal lokal bat egokitzeaz gain.

Eukaliptoak landatzeko debekua
Bi mozioei ere baiezkoa eman zien udalbatzak. Bat, gai-zerrendan aurreikusia zegoena, Anerreka ingurumen elkarteak aurkezturikoa, udalerri honetako lurretan eukaliptoa landatzea debekatzea eskatzen duena, foru aldundiei baso-politikak aldatzea galdegitearekin batera. Bigarren mozio bat ere onartu zuen udalbatzak; gai-zerrendan iragarria ez zegoena. Maiatzaren 17an aldarrikatu eta salatzen den "LGTBIfobiaren aurkako eguneko mozioa".

Aginagako Arrate, Santueneako Gure Elkartea eta Usurbilgo Gure Pakea elkarteak ere ahotan hartu zituzten. Lau urteroko hitzarmenak berritzea onartu zuen udalbatzak, baita Gure Pakea elkartearen kasuan, Artzabal jatetxeko zerbitzua emateko kontratuaren beste urtebeteko luzapena.

2023an, uztailaren 3a jai
Datorren urterako jai eguna ere izendatu zuten. Ohi denez, uztailaren 2a izaten da udalerri mailako festa eguna. 2023an ordea igandez egokituko da eta biharamuna, hilaren 3a jai izatea onartu zuten osteguneko osoko bilkuran.

Amaitzeko diru kontuak; 2020-22 urte arteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoko "Gazteria eta Hezkuntza sailetako 2022ko eranskinen aldaketa" onartu zuen udalbatzak.

Xehetasun gehiago datozen egunotan.

BOZKETA
-Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2020-2022): Gazteria eta Hezkuntza sailetako 2022ko eranskinen aldaketa.
Bozketa: aho batez onartua.

-2023. urterako herriko jaieguna izendatzea.
Bozketa: aho batez onartua.

-HAASetako A-90 (Elutx) eremuko HEU 90.5 exekuzio unitatearen garapena bideratzeko Orbegozo Salsamendi anai-arreben eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko Hirigintza Hitzarmena hasierako izaeraz onartzea.
Bozketa: EHBildu eta PSE alde. Abstentzioa: EAJ.

-HAASetako S-5 (Olarriondo) Sektorea antolatu eta kudeatzeko sektoreko jabeen eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko Hirigintza Hitzarmena behin betiko izaeraz onartzea.
Bozketa: EHBildu eta PSE alde. Abstentzioa: EAJ.

-HAASetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuen hirigintza eraikigarritasuna handitzeko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala (04 Aldaketa). Behin betiko onarpena.
Bozketa: aho batez onartua.

-Usurbilgo Udala eta Asociación de Jubilados y Pensionistas "Arrate"-ren arteko hitzarmena.
Bozketa: aho batez onartua.

-Usurbilgo Udala eta Asociación de Jubilados y Pensionistas "Gure Elkartea"-ren arteko hitzarmena.
Bozketa: aho batez onartua.

-Usurbilgo Udala eta "Gure Pakea" Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartearen arteko hitzarmena.
Bozketa: aho batez onartua.

-Artzabal jubilatu egoitzako tabernaren kudeaketa zerbitzua emateko kontratuaren 2. luzapena.
Bozketa: aho batez onartua.

-Mozioa: Usurbilgo udalerriko esparruan eukaliptoa landatzea debekatzea.
Bozketa: EHBildu eta PSE alde. EAJ aurka.

-Mozioa: "LGTBIfobiaren aurkako eguneko mozioa".
Bozketa: aho batez onartua.