Udalbatzarra

Olarriondon “eko-auzoa” eraikitzeko hirigintza hitzarmena betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 16:17

Gogoan izan, 316 etxe eraikiko dituzte, irizpide jasangarri eta ekologikoetan altxa nahi duten Olarriondoko "eko-auzo" bizigarrian.

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-5 (Olarriondo) Sektorea antolatu eta kudeatzeko sektoreko jabeen eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko hirigintza hitzarmena behin betiko onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu eta PSE alde; EAJ abstentzioa) maiatzaren 26ko osoko bilkuran. Martxoko udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena; gerora, jendaurrean egon den artean, alegaziorik ez dela aurkeztu berri eman zuen udal gobernu taldeak iragan asteko osoko bilkuran.

Lorpentzat jo zuen EHBilduk, Udalak eremu horretako lurjabeekin adosturiko hirigintza hitzarmena, herri garapen orekatu eta jasangarriagoa ahalbidetuko duela nabarmenduta. Datu bat mahaigaineratu zuten adibide moduan; 20 urteetan 495 etxe eraiki badira Usurbilen, 409 altxatzea aurreikusten ziren Olarriondon, “denak aldi berean”. Hirigintza hitzarmen honekin, 316 etxe eraikiko dira, “gehienak, %80 inguru babestuak” eta lau azpieremuetan banatuak. Irizpide jasangarri eta ekologistak ardatz hartuta, eraikiko da “eko-auzo” gisa aurkeztu dutena. Auzune bizigarria izateko, “erabilera nahasketa” egongo dela iragarri dute; etxebizitzak bai, baina bizilekuez gain, berdegune eta lokal komertzialak ere izango ditu. “Eremu garrantzitsuenetako bat izango da etorkizuneko Usurbilen garapenerako”, nabarmendu zuen Usurbilgo alkateak iragan asteko udalbatzarrean.