Atzera begira

1997ko uholde latz haietatik 25 urte gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 1a, 11:43

1997ko ekainaren 1eko uholdeek herria gogotik astindu eta orduko 1.400 milioi pezetatan baloratu zituen txikizioak eragin zituzten.

"Hildakoak ere mugitu zituen" izenburu horrekin kaleratu zuen urtea bete berri zuen NOAUA! Kultur Elkarteak argitalpen berezia. Duela 25 urte, gaurko egunez gertatutakoaren kronika hitz eta irudiekin, orduko hedabideetan herri honek bizi izan zuenaren inguruko isiltasuna hautsiz. "Guzti honen aurrean zein izan da komunikabideen erantzuna? Usurbil ez dute aipatu ere egin", zioen orduko NOAUA!-k. "Donostia, Andoain, Pasaia, Hernani, Lasarte-Oria, Zarautz... eta Usurbilen autobusaren aipamena, besterik ez", adierazi zuten orduko NOAUA! kideek.

Latza izan baitzen egun hartan herri honek bizi izan zuena. Mende laurdena, 1997ko ekainaren 1era atzera egin beharra dugu. Egun hark, "ez zuen gauza onik ekarri", NOAUA!ren ale berezian nabarmendu zuten moduan. "Goizean goizetik egindako euriak eta 8:00-9:00 artean botatako eurijasak ederki astindu zituen herriko hainbat auzo". Hainbat eremu inkomunikatuta geratu ziren, Urdaiaga besteak beste, herri osoa argirik gabe. Eta urik gabe baita, Txikierdi, Aginaga eta Txokoalde.

Kaltetuenak, Troia eta Puntapax inguruak Kalezarren, Etxealdia edota Txokoalde. Hainbestekoa izan zen hain denbora tarte laburrean goitik behera bota zuena, garai hartan Oiardo Kiroldegi ondoan kokatua zegoen hilerriko hilobiak ere bere lekutik atera zituela euriteek eragindako lur mugimenduen eraginez. Hortik, egun hartan gertatutakoaren berri emateko NOAUA!ren ale berezirako hautatu zuten izenburua.


Errekek gainezka
Berezitasun nabarmen bat izan zuten duela 25 urte uholde haiek. "Oraingo honetan, ura ez zetorren Oria ibaitik", herri hau zeharkatzen duten erreketatik baizik. Eta horrek ibai ertzetan soilik ez, herriko eremu gehiago kaltetzea eragin zuen. Pentsa, Troian, "jendeak teilatutik irten behar izan zuen, urak lau metro inguruko altuera hartu baitzuen. Kamioi bat eta kotxe bat desagertu ziren bertan", NOAUA!-k berri eman zuenez. Usurbilgo orduko alkate Joxe Antonio Altunak NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan oroituko zuen moduan, "familia batek, bere betiko ohiturak aldatu beharko ditu. Troiako baserrikoek pauso garrantzitsu bat eman eta hortik ateratzea pentsatzen dute". Puntapaxeko zubia "puskatu, errepidea altxa, urak izugarrizko indarrez astindu zituen bazterrak".

Etxealdiako eremua ur azpian geratu zen. "Ohartu baino lehenago urak bi metro inguruko altuera zuen. Kotxeak ur azpian, garajeak ere bai... familia asko eta askok jasan zituzten, eta jasaten ari dira, uholde horren kalteak", NOAUA!-ren esanetan.

"Hondamendi ikaragarria"
Uholdeek kaltetutako beste eremua Txokoalde izan zen. Bertan, "urak harrapatzen zuen guztia eraman zuen". Izugarrizko indarrez zetorren Andatzatik behera, "errepidea ere deuseztu zuen eta Txokoalde ezezagun utzi du. Jatetxeak, etxeak, ikuiluak... hondamendi ikaragarria". Pentsa, "Igeldon 250 litro jaso zituzten", haietatik 200 litro bi orduko tartean soilik, 7:00-9:00 artean.

Garai hartan, astekaria ez, hamaboskaria zen NOAUA!. Ekainaren 1eko uholdeen harira kultur elkarte honek kaleratu zuen ale bereziaren osteko aldizkarian ere uholdeak zituzten hizpide nagusi. Orduko 1.400 milioi pezetatan aurrebaloratu zuten ekainaren 1eko hondamendia; 600 milioi pezetako kalteak arlo publikoan, 800 milioikoak arlo pribatuan.



Txokoalde kaltetuena
Eremu publiko zein pribatuan izandako kalteen zerrenda argitaratu zuen orduko aldizkariak. Kalte pribatuei dagokienean, 19 etxebizitza kaltetu zituzten uholdeek (76 milioi pezetako kaltea), 4 industria (30 milioi inguruko kalkatea), 5 komertzio (25 milioi inguru), 88 ibilgailu (70 milioi inguru), 46 lokal edo garaje (45 milioi inguru) eta 57 lur-eremu.

25 milioi pezetakoak zenbatu zituzten sei industriagune eta 3 komertzioetan; 75 milioi pezetako kalteak 18 etxebizitzetan, 25 milioikoak 33 garajeetan eta beste 46 milioikoak 54 ibilgailuetan. Eremu publikoari dagokionez, uholdeek utzitako kalteen zerrenda luze askoa da; lurjausiak hainbat bide zein mendi magaletan, hainbat bide zati desagertuta... Guztira 580 milioi euroko kalteak.

Aipatzekoak bereziki, orduko Usurbilgo Udaleko alkate Joxe Antonio Altunaren esanetan Txokoaldeko hondamendia. "Obra publiko aldetik hau izan da ikusgarriena. Azpiegitura aldetik konponketa haundiak egin beharko dira, saneamendua falta da, 600 metroan bidea falta da, bi zubi puskatuta...". Eta hondamendiaren beste aldea, auzolanarena. "Txokoalden korrika eta presakako lana egin zen. Udaleko brigadak, bertakoek, usurbildarrek... lan asko egin dute".

Hemen dituzue orduko kronikak eta irudi bilduma zabala, noaua.eus atariko "Aldizkaria" ataleko esteka hauetan:
NOAUA!ren 1997ko ekainaren 7ko ale berezia
NOAUA!ren 1997ko ekainaren 13ko aldizkaria