NOAUA! Zerk animatu zaitu parte hartzera?
Aritz Aranburu: Aste pare bat lehenago edo, sare sozialetan pare bat aldiz agertu zitzaidan berria mugikorrean nebilela eta bigarrenean esan nuen nire baitan: “oraintxe gogoz negok eta egin egingo diat”.
Zerk inspiratu zaitu egitarau honen diseinua sortzerakoan?
Erabakia hartu eta diseinua egin nuenean ordenagailuaren aurrean nintzen doktoretza tesiko artikulu zientifiko bat idazten eta Berri Txarrak entzuten. Hortaz, gehiago nengoen musika entzutera lanera baino egia esan. Denbora da “Poligrafo Bakarra” diskoa entzuten nenbilela eta esan nion nire buruari ea collage eta surrealismo puntu bat zuen diseinu bat egitera animatuko ote nintzen, diskoak bere diseinuan bezala. Ez nuen inoiz horrela diseinurik egin eta interneten bilatu beharreko irudi kopuruak batere erakartzen ez ninduen arren (copyright-ak direla etab. ez da erraza izaten) horrela hasi nintzen lanean.
Zer islatu nahi izan duzu?
Gaztetxo zoriontsuak, jaiez eklipsatuak eta egun argiko parranderoak eta gaueko saguzarrak. Betiko festak bueltan ditugula. Nik uste nahiko literala dela lana.
Nolakoa izaten da zure sortze prozesua?
Ideia edo erronka batetik hasten da dena. Sarean nabigatuz hirugarrenen lan ezberdinak biltzen ditut eta ondoren horien artean aukeraketa bat egiten dut funtzionalitatea eta estetika kontutan izanda. Honela, zer ez dudan nahi ikusten dut eta ideiak argitzen ditut. Ondoren, lortu nahi dudana garbi(ago) izanda, probatzen joaten naiz maketazio ezberdinak eginez eta hasierako helburua hoberen betetzen duela irizten dudana aukeratu. Azken aldian, nire buruari denbora mugatua ematen diot, buelta gehiegi ematea ez da eta ona. Perfekzionista naiz eta. Ezin aipatu gabe utzi, dena ez dagoela diseinatzailearen esku. Inprentaz ere jakin behar da eta harreman ona edukitzea oso garrantzitsua da, beraiek duten jakintzatik ikasteko. Ni ez naiz diseinatzaile grafikoa eta Antza Komunikazio Grafikokoekin asko ikasi dut; ebaketa markak, koloreak gestionatzen, tintak, zerk igotzen dituen kostuak…
Ez da tankerako lanik egiten duzun lehen aldia?
ITAYA Gazte Asanbladako lehen kartela egiteko aitzakian maketatzeko programekin jolasten hasi nintzela 11-12 urte edo izango dira. Urte dezente daramatzat bai. Ordutik muralak, kartelak, pegatinak, programak, liburuxkak, logotipoak, kamisetak, edalontziak, publizitate orriak etab. diseinatu ditut herri mugimenduko eragile askorentzat eta lagunentzat. Aginagan, Usurbilen eta eskualderako ere bai zenbaitetan. Orain arteko lanik gogokoena 2019ko Aginagako Eskola Txikien jairako egin nuen egitaraua eta kartela dira zalantzarik gabe.
Nola izan originala?
Diseinuko diziplina ezberdinen (interiorismoa, produktuak, grafikoa edo interakzioa adibidez) youtuber, blogger eta aldizkari espezializatu ezberdinak jarraitzen ditut. Horrela, noizean behin begiratu bat eman eta datozen edo jada hemen diren joeren inguruan eguneratzen naiz edota hausnartu egiten dut. Beraz, begiak jarriak ditut. Ez nau beldurtzen originaltasunak eta ez nau estresatzen gauza berritzaileak ez egiteak, bai
ordea funtzionala ez izateak.
Nola hartzea nahiko zenuke egitaraua eskuartean?
Ba norberak nahi duen moduan interpretatu eta har dezala programa. Jairik hoberenak guretik bizitzen ditugunak dira.
Nola biziko dituzu bueltan datozen jaiak?
Aurrez aipatu dudan artikulua amaituta eta bidalita izango dut eta bertsio gaua eta Anje Duhalderen kontzertura joateko irrikaz nago. Nik uste asko gozatuko ditudala aurtengo jaiak!