Udarregi Ikastolako DBH2ko ikasleek ekimen berria jarri zuten martxan ikasturtearen hasieran aurtengo Santixabeletarako oihalezko girlandak sortzeko. Urteroko plastikozko girlanda gorriak iraganeko elementu bilakatu, eta birziklatutako materialez egindakoak izango ditu Usurbilek aurrerantzean.
Hondakinak murriztu eta birziklapena sustatzeko Balore Etikoak arloan garatu dute proiektu hau ikasleek, eta ez hori bakarrik, belaunaldien arteko harremana ere sustatzea izan dute helburu. Izan ere, Udarregi Ikastolako ikasleez gain, herriko jubilatu taldeek ere parte hartu dute proiektuan; Gure Pakea Elkarteko kideek, bai eta Santueneako eta Aginagako jubilatu taldeek ere. “Proiektua azaltzera joan ginen hiru lagun eta jubilatuei asko gustatu zitzaien ideia. Laguntzeko prest agertu ziren, eta haiek arduratu dira girlandak behar bezala josteaz”, adierazi dute ikasleek. Haien laguntzarekin, garaiz amaitu dute lana eta oso gustura agertu dira azken emaitzarekin.
Astelehen honetan zintzilikatu dituzte 30 metroko zortzi sokak Dema Plaza gainean. “Nahikoa egin ditugu Dema Plaza jantzi eta plastikozko girlanda zaharren beharrik ez izateko”, jakinarazi du Izaskun de Miguel irakasleak. Maindireekin, mahai oihalekin eta bestelako oihalekin osatutako girlandak dira, kolore ezberdinetakoak. Hilabete askotan zehar lortutako materiala nahikoa izan da proiektua aurrera eramateko.
Proiektu polita eta luzea
Udalarekin harremanetan jarri ziren proiektua hasi bezain pronto, hauek baimena eska ziezaieten bizilagunei sokak zintzilikatu ahal izateko. Baimen horiek lortuta, lanean hasi ziren azarorako eta azken emaitza ikusgai egongo da Santixabel jaietan. “Proiektua polita izan da, baina luze egin zaigu prozesua. Datorren urtean, beste ideiaren bat izan beharko dute, prozesu laburragoa izango duena”, esan dute ikasleek. Irakasleak ere ados agertu dira ideia horrekin, eta datorren urtean, hiru hilabetean zehar egiteko moduko proiektua egingo dute.