Usurbilgo jaiak

"Sortu ditzagun guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri diren festak"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 27a, 19:29

Erasorik gabeko festen aldeko agerraldia egin dute Mikel Laboa plazan, Usurbilgo Udalak eta Kafe Tertuliak deituta. Abiatzear ditugun jaiei begira bideratu duten lanketa aurkeztu dute: etxez etxe banatu duten gida, erasoen aurrean aplikatu beharreko protokoloa eta Santixabeletan egokituko dituzten guneak.

"Gauak eta kaleak gureak direlako eta festak eta egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Aske izan nahi dugu, nahi dugunean nahi dugun bezala ibiltzeko, ez dugu ausart izan nahi, ausartak bagara ere".

Guztiok jaiez gozatzeko dugun eskubidearen aldarrikapena plazaratu nahi izan dute Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak eta Usurbilgo Udalak deituta, astelehen arratsalde honetan Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian. "Emakumeek festak askatasunez eta berdintasunez gozatu behar dituzte, sexu erasoen beldur sentitu gabe, seguru sentituta eta eurenak ere badiren tokiak edota espazioak ukatu gabe". Horregatik, honako deia luzatu dute; "norberak erabakiz, guztiok gozatuz, sortu ditzagun guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri diren festak".

"Festetan egonagatik dena ez da libre"
Hiru urteren ostean, herriko jaiak itzultzeko bi egun baino falta ez diren honetan, bideratu duten lanketa ezagutzera eman dute, gaurkoz eskubide hau ez baitago denontzat bermatua; eremuotan emakumeen aurkako jazarpenak ugaritu dira eta hainbat jarrera normaltzat jo edota garrantzia kentzen zaiela adierazi dute. "Neska gazteek aitortzen dute jaiak eta gauak ez direla eurenak. Irteten diren bakoitzean espazio horiek eskuratzeko borroka neketsua egin behar izaten dutela, aisialdi gune horiek askotan kontrako eremu bezala sentitzen dituztelako; keinuak, begiradak, halabeharrezko igurtziak, eskatu gabeko piropoak eta azken finean mutilen etengabeko lerde jarioa, espazio horien ezaugarri direlako oraindik ere. Festak izan ohi dira gure gizartearen isla, ispilu handia izan ohi dira, baina festetan eta festetan egonagatik dena ez da libre".

"Soilik bai da bai"
Hala izan dadin, erasorik gabeko jaiak izateko bideratu duten lanketa aurkeztu diote herriari. Batetik, "eraso matxistarik gabeko jaiak lortzeko, sexu erasoen aurkako gida banatu dugu etxez etxe". Gidak "indarkeria matxista edo sexista zer den" definitzen du, eta "indarkeria horren ikuspegia zabaltzen du". Hain zuzen, gaurko agerraldian zehaztu dutenez, "emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboek jasaten duen eta duten indarkeria ere barnebiltzen da. Gida horretan ikusiko dugu ere indarkeria sexistak milaka aurpegi, ahots, adierazteko forma eta esparru dituela. Ez duela mugarik eta gaur egun eredu kapitalista heteropatriarkalak sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak biziarauteko eta mantentzeko tresna dela. Halaber, sexu erasoa zer den eta zer onarpen sexuala, argiki jasotzen du. Eta mezu argia ematen du; soilik bai da bai".

Semeei helarazitako mezuen garrantzia
Eraso sexisten aurrean zer egin jarraibideak eskaintzen ditu, eta gurasoek seme-alabekin gaia nola landu ere jasotzen du. Seme-alabei zer mezu helarazi festetara joan aurretik. "Alaben kasuan hiru mezu azpimarratzen dira", agerraldian nabarmendu nahi izan dutenez. "Batetik, erakustea berak nahi duenean eta nahi duenari ezetz esatea posible dela. Bigarrenik, beldurra eragiten duten mezurik ez helaraztea, eta hirugarrenik errua alabari ez botatzeko erasoren bat sufritu duela kontatzen badio. Erasoaren ardura beti dela erasotzailearena, inoiz ez erasoa jasan duenarena".

Semeei helarazitako mezuen garrantzia ere azaleratu nahi izan dute. "Izan ere semeari igortzen dizkiogun mezuak lagun baitezake jaiak denontzat espazio seguru bihurtzen, eta horretan familiek ere badute ardura, eta ardura hori azpimarratzen dugu".

Zer egin zehazten duen protokoloa
Gidarekin batera, "gerta daitezkeen eraso matxisten aurrean eskuhartzeko protokoloa landu dugu". Lanketa partekatua izan da; protokoloaren lanketa horretan inplikatu baitira Xauxar txosna batzordeko kideak, gazte mugimendua, Jai Batzordea, ostalariak edota udaltzaingoa, Sortzen elkarteak dinamizatu dituen saioetan.

"Usurbilen aisialdi edo festa eremuetan gertatzen diren eraso matxisten aurrean eskuhartzeko protokoloa da. Eraso matxisten aurrean nola jardun jasotzen da, esaterako norbaitek erasotua izan dela esan eta laguntza eskatzen badizu edo erasoren baten berri baduzu, nola jokatu zehazten du; nagusiki ez ezazu epaitu, ez ezazu bakarrik utzi eta ez itzazu erabakiak hartu galdetu gabe. Eraso matxista txosna eremuan edo taberna batean ematen bada, zer egin ere zehazten du protokoloak".

Bi gune jaietan

Jaiei begira kaleratu dute gida eta landu dute protokoloa, baina festetan ere bi gune egokituko dituzte; Sagardo Egunean egin bezala, sexu erasoen aurkako Emagin elkartearen gunea egokituko dute uztailaren 1ean eta 2an. Eta uztailaren 2tik 3rako parranda gauean, Murgibe taldeak Beldur Barik gunea kokatuko du.


ERASO SEXISTARIK GABEKO JAIEN ALDEKO EKIMENAK
-Sexu erasoen aurkako gida banaketa etxez etxe.
-Eraso matxistetan eskuhartzeko protokoloaren lanketa txosna batzordearekin, Jai Batzordearekin, gazte mugimenduarekin, ostalariekin, udaltzaingoarekin.
-Hitzorduak:

Uztailak 1, ostirala
17:00-22:00 Sexu erasoen aurkako Emaginen gunea.

Uztailak 2, larunbata
17:00-21:00 Eraso sexisten aurkako Emaginen gunea.
23:00-03:00 Murgibe taldearen Beldur Barik gunea.