Ohi bezala, Santixabelak abiaraziko dituen ekitaldia udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan ospatuko da, aipatu moduan, asteazken honetan, ekainaren 29an, arratsaldeko 19:00etan hasita. Udal ordezkariak bilduko ditu hitzorduak. Txupinazoa girotzeko aldiz, Jaixkipe txarangakoak ibiliko dira kalez kalez, eta ondoren eguraldiak eragozten ez badu behintzat, erraldoi eta buruhandien itzulera espero da.
Sortzaileak eta emaileak gogoan
Udaletxeko balkoia izango dugu beraz albiste, asteazken arratsalde honetan, 19:00etan. Hunkituta, ilusio eta ohore handiz jaso du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak hiru urteren ostean bueltan datozen herriko festei hasiera emateko eskaini zaien aukera. Are gehiago noski, herriaren erabakiz eta merezimendu osoz, Jai Batzordearen eskutik herritarrek hautagaiak proposatzeko eginiko deialditik datorrela jakinda.
Gogoan izango dituzte odol-emaileen elkartearen sortzaileak. Egiten zuten lana goraipatu digute. “Lantegiz lantegi ibiltzen ziren laguntza eskatzen”. Ordutik 50 urte inguru igaro dira. Antolakuntzan ibili direnak , eta emaileak dituzte uneotan gogoan. “Horiek merezi dute guztia”, nabarmendu digute, Agustina Aristik, Marisol Unanuek, Gero Tenak eta Mari Jose Kortak.
Asko izan dira emaileak, herri honen eskuzabaltasuna nabarmendu dute. Garai batean hirurogeitik gora ere izaten ziren. Egun berrogei inguru. Elkartetik NOAUA!ri aipatu diotenez, biztanleria kopurua hartuta udalerri honetan 48 emaile izateko erronka jarria dute. “Ez gabiltza gaizki”, diote, baina gehiago behar dituzte, “odol gehiago behar da”.
Odol gehiago eta errelebo beharrean
Datorren saioa uztailaren 11n izango da. Eta agian nobedadeekin dator gainera. Osasun krisialdiagatik ikastolara lekuz aldatutako hitzordua berriz osasun-etxera itzultekotan baitira. “Anbulatorioan baimena eman digute eta orain zentralekoekin hizketan ari gara ea posible izango ote den”. Emaileek biziki eskertu izan duten ohitura zahar bat ere berreskuratu zuten baita maiatzaren 2ko emanaldian. “Azkeneko txandan tortilak ematen hasi ginen. Denak gustura”, nabarmendu digute.
Odola emateko txanda hartu beharrak mantenduko dutela dirudi. Gogoan izan, aurrez odola ematen zutenei, emanaldi berrirako eguna eta ordua aurrez jakinarazten zaie. Estreinakoz eman nahi dutenek odol emate egunean bertan, goizez 943 007 884 telefono zenbakira deitu behar izaten dute.
Emaileak behar dituzte aipatu moduan, baita erreleboa ere taldean, emanaldiak antolatu eta Udalarekin tramitazio lanak bideratzeko. “Ez da lan handia” baina egin beharrak izaten dira noski.
Plasma emateko deia
50 urteren bueltako ibilbidea jorratua du Usurbilen odol emaileen elkarteak. Mende erdi honetan bilakaera argia izan du baita odol emateko moduak ere. “Hasieran ohatiletan jartzen zituzten emailea eta harzailea. Zuzenean ematen zen odola batetik bestera. Gero beirazko botilak izaten ziren”. Prebentzio lan handia egiten dute egun. Odola eman aurretik norbere osasun egoera zertan den ikusteko “tanta bat ateratzen dute”. Bistan denez, “segurtasun aldetik izugarri aurreratu da”, nabarmendu dute Usurbilgo odol-emaileen elkartetik.
Eta etorkizunari begira, indarra hartuko duen berrikuntza bat aipatu digute. Dagoeneko jakinarazten hasiak dira. Plasmaz ari dira. Egun, “odolari plasma kendu egiten zaio, plasma aparte hartzen da. Diotenez, plasma geroz eta gehiago behar da ebakuntzetan, odola baino gehiago baliatzen dute. Horregatik, orain jendeari zuzenean plasma ematea eskatzen hasiak dira”.
Momentuz ordea, plasma ezin da herrietan izaten den odol-emate saioetan eskaini. “Zentralera joan behar da. Kontua da, odola atera eta sartu egiten dutela eta bidean plasma kendu. Denbora gehiago behar izaten da”. Eta noski, plasma eskuratzeko “odol asko behar da”. Halere, aipatu dutenez, “orain badaude moduak odola kendu gabe plasma bakarrik kentzekoa”. Momentuz, Donostian bakarrik eman daiteke plasma, baina pentsatzekoa da, eta emaileen elkartekoak ere iritzi horretakoak dira, plasma eskuratzeko “denborarekin herriz herri ibiltzea joatea ere lortuko dutela”.