"Oso pozik gaude", adierazi dute Usurbilgo odol-emaileen elkartetik. Pozik zirela jaiei hasiera emateko eskainitako aukeragatik. Gogoan hartu nahi izan dituzte bilgune honen mende erdiko ibilbideari hasiera eman ziotenak. "Denak ez daude hemen", baina "batzuk bai" zioen Agustina Aristik; tartean Miren eta Agate Errekondo. "Jarraipena eman diezaiogun haiek hasitako bideari", luzatu die gonbita udaletxe aurreko plazara joandakoei.
Emaileak ere biziki gogoan hartu nahi izan dituzte. "Zuek gabe gure lanak ez du zentzurik", esanez eskertu diete. "Zuek zarete biziak salbatzen laguntzaile", gogorarazi zieten. "Ajeak botata" datorren odol-emate saiora hitzartu gaituzte; uztailaren 11n izango da. Gogoan izan, aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
"Zuek bezalako odol emaileengatik bizi baitira asko"
Aurretik, festa egunak ditugu. "Ospatu eta gozatu ditzagun. Gora Santixabelak eta gora usurbildarrak!", esanez txalo artean piztu dute jaiei hasiera eman dien suziria.
Aurretik, hitza hartzen lehena Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta izan da. Odol-emaileen elkartekoen lan isila goraipatu du. "Urte luzeetan egindako lan isil baina ezinbestekoa" tarteko, "ondo merezitako omenaldia" dela nabarmendu du. Bere esanetan, "seguru naiz ez dagoela munduan hau baino ekintza solidarioagorik eta eraginkorragorik, izan ere odol-emate bakoitza hiru bizitza gehiago dira". Hortik, eskertza "hainbeste emateagatik, zuek bezalako odol emaileengatik bizi baitira asko. Bizi gaitezke asko". Ezin jakin eta noizbait besteen odola beharko dugun bizitzen jarraitu ahal izateko. "Horregatik denok garenez hartzaile potentzialak, denok izan beharko genuke emaile errealak". Emaile izateko gonbita luzatu du alkateak. "10 minutu baino ez dira, mundu hobeago, solidarioago eta osasuntsuago baten alde ezinbesteko ekarpen txiki erraldoia. Jarrai dezagun beraz elkar zaintzen".
Kultur Bira gogoan
Gainerakoan, jaien itzulera hartu du gogoan eta osasun krisialdia tarteko, bizitako "hilabete zail eta gogorrak". Eta festak bizitzeko aukera aparta dugu eskura, bizitako urte gogorren ostean, "behar eta merezi dugulako", alkatearen esanetan. Jaiez ari garela, une zailenetan segurtasunez "kulturaz gozatzeko aukera eman digun Kultur Birako" antolatzaileak eskertu nahi izan ditu. Ekimenak sustatuko herri eragileen arteko lankidetza. "Gu denon osasuna babesteko eta elkar zaintzeko ekimen komunitario bikaina izan zen, bejondeizuela!", txalotu du.
Eta haiekin batera, azken hilabeteotan Santixabelak ohi bezala antolatzera itzuli den Jai Batzordea ere goraipatu du noski; herritarrak, udal ordezkari eta teknikariak, taldeak, gurasoak, gazteak, jubilatuak... "Egitarau bikaina osatu duzue, herritik eta herriarentzat!". Eskertza baita Dema plaza girlandez apaintzeko elkarlanean aritu diren Udarregi Ikastolakoei eta jubilatu elkarteei. "Ekimena bikaina izan da, belaunaldi arteko lankidetza, kultura eta ingurumenaren zaintza barnebiltzen ditu egitasmo honek, herri kontzientzia eta jaiak uztarri berean".
Hasi berri diren jaietan guztiok festez "askatasunez eta berdintasunez gozatzeko eskubidea" aldarrikatu du. "Herri honetan ez dugu ez jarrera, ez eraso sexistarik ezta LGTBI fobikorik onartuko".
Ereserkiarekin dantzan
Ezin besterik egin, eta euritan dantzan hasi dira aurtengo Usurbilgo jaiak. Txupinazoa jaurti ostean, herri honen ereserkia abestuz, eta dantzatuz Orbeldikoen eskutik. Jaixkipe txarangak girotzen hasi eta amaitu du ekitaldia. Erraldoi eta buruhandien kalejiraren abiapuntua ere izan da hitzordu hau, baina euriak kalejira aurreikusia zegoen moduan ospatu ahal izatea eragotzi die. Udaletxetik frontoirainoko bidea egin ahal izan dute behintzat.