Usurbilgo jaiak

"Goazen Santixabelak askatasunez gozatzera!"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 29a, 21:42

Euripean dantzan plazaratu da, Usurbilgo gazte mugimendua jaien hasiera ekitaldira. Mikel Laboa plazan ospatu duen gazte txupinazoa, gazte mugimendu indartsu eta batuaren islada argia izan da. "Goazen Santixabelak askatasunez gozatzera!", luzatu diete gonbita haiekin batera txosnagunera topa egitera joandakoei.

 

Usurbilgo gazte mugimenduaren erakusleihoa izan nahi zuen jaiak hasteko Mikel Laboa plazako txosnagunean iragarria zuten gazte txupinazoa. Plazaraturikoa, mugimendu kohesionatu eta batua izan da, hitzorduarekin bat egin baitute herriko lau gazte eragileek; Kafetertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak, Usurbilgo Ernaik, Aztarrika Gazte Asanbladak eta Xauxar Txozna Batzordeak.

Dantza batean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan errotuak dauden ohiturei keinu eginez, jendea festa girora xaxatuz agertu dira Mikel Laboa plazan, hitzordurako egoki asko jantzita. Zapalkuntzen aurrean askatasunerako borroka dela bide bakarra nabarmenduz, eta euskara iparrorratz dutela argi utziz.

Hala gogorarazi dute, gazte eragileen irudiak zeramaten oihal handien bueltan txosnaguneko oholtzatik. "Euskara ez dakigu nondik datorren, baina dakiguna da hizkuntza bat dagoen unetik, herri bat dagoela atzean. Beraz, hizkuntza galtzen badugu, herria galduko dugu", ohartarazi dute gazte mugimenduko ordezkariek.

Eta hizkuntza, herria ez galtzeko, ezinbestekotzat jotzen dute "herri bizi eta alai bat izatea". Eta hala bada herrikideengatik dela goraipatu dute. "Zuei esker da Usurbil alaia eta bizia, baina hau ez da hemen geratzen", iragarri dute.

Bizi ahal izateko etengabe borrokatu beharraz nazkatuta daudela argi utzi arren, "bizitzeko borrokatu behar badugu, borrokak jarraituko du", iragarri dute, "zapalduak garelako baina ez garaituak! Zutik gauden gazteria garelako". Elkarlanean aritzeko unea dela gogorarazita, eskerrak helarazi nahi izan dizkiete "herri hau bizirik mantentzen duten eragileei".

Txoznagunera joandakoekin batera topa eginez, abiatu berri diren jaiak libreki bizitzeko gonbita luzatu dute. "Goazen Santixabelak askatasunez gozatzera!".

Zapiak eta kamisetak salgai
Jaien hasiera Usurbilgo gazte mugimendu batuaren erakusleihoa izatea nahi zuten. Gazte txupinazora jai girorako egoki jantzita agertzeko gonbita luzatua zuen Usurbilgo gazte mugimenduak. Une horretarako postua jarria zuten; kamisetak eta zapiak salgai dituzte txoznetan. "Oraina guria denk!" aldarripean, herriko gazte eragileak batzen dituzten jantziok eskuragarri izango dituzue festa egunotan Mikel Laboa plazan.