Aurten goizaldean ez zen soinu handirik, euri tanten hotsak baino ez. Usadioari jarraiki, goizeko 6:00etan jarria zuten txoznetan biltzeko hitzordua. Asteazkeneko giro euritsuak gaur segida izango zuela ikusita ordea, atzeratzea erabaki zuten atzo oilasko biltzaileen irteera. 10:00etan bildu dira Mikel Laboa plazan beharrean Sutegi atarian, gosari legea egitera. Indarberrituta, Askatasuna plazako aterpea izan dute lehen geltokia. Lehen dantza saioak eginda, Kalezar eta Kaxko ingurua zeharkatu dute bazkal ordura arte.
Eguraldia tarteko beraz, abiatzeko hitzordua atzeratzearekin batera ibilbidea ere egokitu behar izan dute. Geltokietako bat ordea ez. Hutsik egin gabe, bazkalaurretik Bordatxo ondoko biribilgunea inguratu dute oilasko biltzaileek, Josu Furundarenaren trikiti doinuen erritmora. Eta albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute segidan. Gutxi iraun dute geldirik, dantzara itzuli baitira berehala.
Bazkaltzeko bildu dira Askatasuna plazan. Bazkalosterako jolasak eta kalejira iragarri dituzte.