Haurren parke erraldoia izan da Usurbil ostiral goiz honetan. Guraso talde baten eskutik, Usurbilgo etorkizuneko belaunaldia jolasean jarri dute, herriko txoko ezberdinak lotu dituen ibilbide baten baitan. Udaletxe ataria, NOAUA! K.E. ondoko Sagardo plaza, Artzabal eta Udarregi Ikastola inguruan denetariko ekintzez gozatu ahal izan dute gaztetxoenek; LH 1-4 artekoek Ginkanan, LH5-DBH2 artekoek Erronkan. Txikienentzat frontoian eta Dema plazan puzgarri hainbatekin parkea egokitu dute.
Ohiko jolas ezagunak, aulkiarena, zaku lasterketa, zapiak harrapatzekoa tartekatu dituzte LH eta DBH-koen jolasetan. Baina guztiek bazuten lotune bat; kooperazio edo lankidetzarena. Talde jolasak sustatu dituzte. Eta nola pasa duten adierazi baino hobeto ikustea, ondoko irudi sortarekin.
Prezio bereziak
Ginkanan, erronkan nahiz frontoi inguruko parkean jolasean ari ziren bitartean, Kalezarko eta Kaxkoko bueltan egiten zebilean goizetik txu-txu trena. Egun osoz ibiliko da joan etorrian. Doako garraio honen abiapuntu eta helmuga, Bordatxo ataria izango da.
Handik gertu, adi; Haurren Eguna izanik, feriagunean prezio bereziak, ostiral honetan, uztailaren 1ean. Baita Santixabelak amaitu osteko astelehenean, uztailaren 4an ere.