Jaietako uda giro beteko eguna izan da gaurkoa, festa egun nagusia, Santixabel Eguna. Ohi den moduan, soka-dantza ospatu da lehenbizi udaletxe atariko Joxe Martin Sagardia plazan. Udal ordezkariak eta Orbeldiko kideak batu dira dantzara.
Eta erakustaldi bikaina amaitu orduko, ilara luzea osatu da plazan bertan; soka-dantzarekin batera tradizio luzeko lore eta salda banaketa berreskuratu dute jaien itzuleran. Antolaketa lanetara batu dira Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartea kideak, baita Gure Pakea jubilatu elkarteko kideak ere. Lore eta salda banaketa gisa ezagutzen badugu ere ekitaldi hau, jatekoa ere banatu dute, txorizo pintxo ederrak. Soka-dantzan zehar prestatzen aritu direnak.