Akabo bost eguneko parranda, jai giroa, eta jendetza. Jendetsua izan baita Usurbilen jaien itzulera eta giro ezin ederragoko festak bizi izan ditugu azken bost egunotan. Bart agurtu ditugu Santixabelak, ohi bezala, herriko gazte mugimenduko eta Orbeldiko kideen dantza saioarekin eta maskota erreta. Azken bi asteotan Potxoeneako izkinetik zelatan aritu zaigun festetako zaindaria izan dugu protagonista agurrean. Sugarretan desegin da, Mikel Laboaren "Baga, biga, higa" abestiaren erritmora. Eta adi asko ziren Dema plaza ingurura bertaraturikoen txalo artean.
Plazako agur ekitaldiaren ostean, txoznetan beranduago agurtu dituzte jaiak; Silitia taldekoen kontzertua izan dute Mikel Laboa plazan, eta horren ostean, belaunaldi ezberdinetako herritarrak parte hartzera animatu diren eta euskal kantutegiari errepaso ederra eman dion karaoke mozorrotua.
Jai eremuko azpiegiturak biltzeko garaia da astelehen honetan. Halakoetan esan ohi den moduan, egun bat gutxiago 2023ko jaiei ekiteko.