Udalbatzarra

Tren geltoki berria eraikitzeko hitzarmena itxi du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 15:14

Hala berri eman du udal gobernu taldeak ostegun honetako osoko bilkuran.

Ostegun honetako udalbatzarrean berri eman zuen udal gobernu taldeak legealdi amaiera honi begirako egitasmo garrantzitsu bat aurrerabidean dagoela, tren geltoki berriaren proiektua hain zuzen. "Geltokia egiteko hitzarmena itxi dugu", adierazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) erdietsitako adostasunari buruz ari zen. Eta xehetasun gehiago ere eman zituen; "lanak esleitzeko iraila amaieran kontratazio mahaia osatuko du ETS-k". 

Osoko bilkura berean onarturiko kreditu aldaketari buruz ari zirela egin zioten aipamena tren geltoki berriaren proiektuari. Kreditu aldaketaren baitan hain zuzen, Etxealdiara jaisteko San Esteban kalea irisgarri bilakatu eta oinezkoak lehenesteko egitasmoari buruz ari zirenean. Etxealdiarako hain zuzen hiru proiektu ezberdin iragarriak ditu udal gobernu taldeak; batetik, San Esteban kalea berritzearena, bestetik auzoa irisgarri bilakatzearena eta azkenik, tren geltoki berriaren proiektua.