ARKAITZERREKA

Errausketaren Aurkako Mugimendua: "Kutsadura hau 2020koa baino larriagoa da"

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 27a, 12:21

Zubietako erraustegi azpitik igarotzen den Arkaitzerreka apartsu eta gorritsu esnatu zen uztailaren 14an. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Usurbilgo Udalak ur-laginak hartu eta laborategi batera eraman zituzten. Emaitzak jaso berritan, Errausketaren Aurkako Mugimendua oso kezkatuta agertu da. "Urgentziazko analisi horiek erakutsi dute Arkaitzerrekan 2022an aurkitutako kutsadura hau handiagoa dela 2020ko maiatzean aurkitu zena baino". 

Kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa) ezohiko maila altuak aurkitu direla salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Horretaz gain, "gogor salatzen dugu Zubietako Erraustegiaren martxa eta kutsaduren inguruan agintariek ezarri duten isiltasuna". Hauxe da gaur goizean NOAUAra igorri duten salaketa-agiria.

 

Arkaitzerrekan kloruroa, amonioa, metal astunak…
Zubietako Erraustegiak zerekin eta zenbat kutsatzen gaitu?

Jada hamabost egun pasatu diren arren Zubietako Erraustegi azpitik pasatzen den Arkaitzerreka oso kutsatuta agertu zenetik, inolako informaziorik ez dute zabaldu gertakizunaz ez GHKko arduradunek eta ez horren jarduera kontrolatu behar duten instituzioek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala Eusko Jaurlaritzak eta ustez gure ura zaindu behar omen duen Ura agentziak.

Tarte horretan herritarrok ezagutu ahal izan duten informazio bakarra da Usurbilgo udalak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak Arkaitzerrekan bertan jaso eta laborategira bidalitako uraren analisiak eman dituen datuak. Eta datu kezkagarriak dira.

Urgentziazko analisi horiek erakutsi dute, alde batetik, Arkaitzerrekan 2022an aurkitutako kutsadura hau handiagoa dela 2020ko maiatzean aurkitu zena baino. Orduan zientoka arrain eta aingira azaldu ziren hilda Arkaitzerrekan. Oraingoan horrelako argazkirik ez da ikusi, ziurrenik erreka geroztik “erreta” dagoelako arrainik gabe, baina laborategiko analisiek erakutsi dute oraingoan are kutsadura handiagoa dagoela Arkaitzerrekan.

Zehazki, kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa) ezohiko maila altuak aurkitu dira. Baina, gainera, gutxienez hiru metal astunen konzentrazioak askoz handiagoak dira ur edangarriak eraman ditzakeen gehieneko maila baino: Arkaitzerrekan kobreak bikoiztu egiten du urak edateko modukoa izateko  behar duen topea eta nikelaren kasuan lau aldiz biderkatzen du.

Errausketaren Aurkako Mugimendutik gogor salatzen dugu Zubietako Erraustegiaren martxa eta kutsaduren inguruan agintariek ezarri duten isiltasuna. Erraustegia proiektu hutsa zenean herri mugimendutik iragarri genuena, tamalez jada gertatzen ari da: hiri hondakinen arazoa ez konpontzeaz gain, istripuak, suteak, erreka kutsatzeak, eta abar.

Eta Gipuzkoako herritarrek, tartean erraustegia ate ondoan sufritzen dutenek, jasotzen dituzten albiste bakarrak herri mugimenduko boluntarioek lortutakoak dira. Agintariak, halakoak ez gertatzeko neurriak eta kontrolak ez jartzeaz gainera, mutu gelditzen dira, edo aukera daukaten aldi oro, herritarron osasunaren aurretik, enpresa pribatuen interesak babestera mugatzen dira. Herritarrok babesik gabe gaude Gipuzkoan eta EAEn agintzen duen erregimenaren aurrean. Erregimena, bai, zeren eta Gipuzkoan eta EAEn pertsona, alderdi, enpresa eta talde berdinak dira legeak egiten dituztenak, legeak aplikatu behar dituztenak, legeen urraketak pertsegitu behar eta pertsegitzen ez dituztenak eta herritarrei hori guztia gardentasunez azaldu beharrean beren hedabide publiko eta pribatuetatik sistematikoki ezkutatzen diotenak.

Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimendutik herritarrei eskatzen diegu adi egoteko, etsipenean ez erori eta jarraitzeko mobilizatzen gure eta gure ondorengoen osasunaren, bizi duinaren, enpleguen eta etorkizunaren alde.

Ez, ez, ez: Errausketarik Ez! Ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran, ez inon!

Errausketaren Aurkako Mugimendua,
2022ko uztailaren 26an.

 

Usurbilgo Udala: "Azalpenak nahi ditugu"

Usurbilgo Udalak antzeko salaketa egin zuen aurreko astean. Laborategiko emaitzak jaso bezain pronto prentsa-ohar bat bidali zuen NOAUA!ra. "Ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa). Zenbait konposaturen emaitzak jasotzea falta da oraindik, baina hiru elementu horien datuak nabarmentzeko modukoak dira", udal oharrean irakurri zitekeenez. Datuok eskutan, azalpenak eskatu zituen Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. “Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu”. Adierazpen hauek uztailaren 22an noaua.eus web orrian argitara emandako albiste batean jaso genituen. Osorik irakurtzeko, hauxe esteka zuzena: Udalaren laginen emaitzak: Ezohiko maila "oso altuak" lau elementutan