Zubietako erraustegiari lotutako "zenbait inspekzio lanen ikerketa" bideratzea eskatu dio Gipuzkoako fiskaltzak zaintzako epaitegiari. Hala berri eman zuen GuraSOSek iragan ostegunean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldian. "Gipuzkoako fiskaltzak zaintzako epaitegiari eskatu dio ustezko prebarikazioagatik funtzionario publiko baten jarduera ikertzeko". GuraSOSek hain zuzen, "lurrazpira filtratu den kutsaduraren jatorrian egon zitekeen drainatze instalazio klandestino batekin lotutako zenbait gertakariren berri eman dio Gipuzkoako fiskalari eta Gipuzkoako fiskaltzak zaintzako epaitegiari zera eskatu dio; bidera dezala dagokion epaitegira erraustegiaren funtzionamenduarekin lotutako zenbait inspekzio lanen ikerketa".
Hala berri eman zuen GuraSOSek agerraldi bidez urriaren 20an. Agerraldi horren aurrean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) adierazitakoari erantzun dio GuraSOSek. "Gipuzkoako Fiskaltzak Donostiako Zaintza Epaitegian salatutako gertaerak gezurtatzeko oharra kaleratu zuen GHK-k ostiralean". Ohar horren arabera, "GHK-k generikoki dioenez, erraustegiak ingurumen baldintza guztiak betetzen ditu eta badu labearen elikatzea automatikoki eteten duen sistema bat". Baina GuraSOSek dioenez, lerrootan albisten dugun GHK-ren oharrak "Fiskaltzaren funtsezko datuak baieztatzen ditu".
GuraSOSen arabera, "argi aitortzen du egun konbustio gasen depurazio hodian drainatze hodi bat dagoela eta ez du ukatzen gailu hau klandestinoa denik. Ingurumen Baimen Bateratuaren eta arauen aurkakoa da".
Horrez gain, GHK-k "aitortzen du labe-galdarak ez dituela kontratuaren preskripzioak betetzen eta baita "isurketa" gisa definitzen duen zerbait egon dela, GuraSOSen arabera Arkaitzerrekan. "Arreta desbideratu nahian dabiltza. Ez gaude kontrolpean egon daitekeen isurketa arazo baten aurrean, askoz okerragoa den kontrolik gabeko filtrazio baten aurrean baizik". GuraSOSek argitu nahi izan duenez, "Fiskaltzaren salaketak ez du isurketarik aipatzen, ur-saretik izandako filtrazioak baizik, erraustegiaren lurrazpiko uretan agertu den dioxinen kutsadura oso larria azaltzeko. Dioxinak errekuntzagatik sortu ahal izan dira soilik eta uretan agertu badira, filtrazioa egon delako da".
Itxiera prebentiboa eskatu du
Badira GuraSOSek argitu nahi dituen puntu gehiago ere. "GHK-ren oharrak inoiz aktibatzea beharrezkoa izan ez den sistema automatikoa aipatzen du. Aktibatu behar bada, ez da automatikoa". Larrialdi kasuetan labearen funtzionamendua automatikoki eteten duen sistema badagoela baieztatzen du GHK-k. Baina GuraSOSen arabera, "hori beti ez dela horrela ezkutatzen du, soilik labea tenperatura egokira heltzen ez den kasuetan soilik. Gehiegizko emisioak dauden kasuetan larrialdietarako sistema ez da automatikoa, eskuz erabili behar da".
Bestalde, gehiegizko emisioengatik larrialdietarako neurriak aktibatu beharra eragin duten egoerarik egon ez dela baieztatzeak "praktika arriskutsu bat agerian uzten du" GuraSOSen esanetan, "egoerok gertatu baitira askotan, dokumentu publikoetan jasoak daudenez, eta ez dira baimendutako mugen gainetik dauden emisioak saihesteko larrialdiko neurriak hartu".
Egoera honetan, agintariek berehalako bi neurri hartu beharko lituzkete GuraSOSen iritziz. "Batetik, instalakuntza klandestino eta arriskutsu hau ixtea, urgentziaz eta determinazioz. Bestetik, erraustegiaren jarduera prebentiboki etetea, lurrazpiko uretan agerturiko dioxinen kutsadura larriaren iturria erraustegia ez dela eta emisio mugak gainditzen direnerako sistema automatiko bat duela egiaztatu artean".
Informazio gehiagorako: https://blogagurasos.wordpress.com/author/gurasos1/