Katalogoa, euskal sorkuntzaren erakusleiho bizia

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 16a, 09:24

Liburuak, jostailuak eta jokoak, musika, filmak, komikiak, aldizkariak, e-bookak, informatika eta app-ak, gurasoentzako materiala... 0-16 urte artekoentzako milaka produktu, guztiak euskaraz, klik bakarrera, www.katalogoa.eus web orrialdean.

Euskarazko produktuen bilduma aberatsa dugu eskura sarean urte osoan katalogoa.eus atarian, nahi dugun hori aurkitzeko bilaketa sistema erraz batekin. Urtean behin, azaroan, web orrialdean dagoen eskaintza zabal horren lagin bat papereko edizioan jaso eta herriz herriz zabaltzen dute Hego Euskal Herrian barrena, egitasmoan parte hartzen duten lau herrialdeotako udal eta mankomunitate hainbatek. Tartean Buruntzaldean, prestaketa eta banaketa lanez arduratzen diren Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalen eskutik.

 

JON ESKISABEL

“Ikusgarritasunik gabe ez dago ezer”. Jon Eskisabelen ustez, “inoiz baino beharrezkoagoa da ikusgarritasun hori bermatzea”

 

Ikastetxeetan nahiz udal zerbitzuetan uzten dituzte, herritarrek eskuratu eta etxeetara eramateko. Katalogoaren papereko ediziorako materialen hautaketarako lan talde bat dute. Disken aukeraketaz arduratzen da Jon Eskisabel. Argitaletxe nahiz autoekoizpen aldetik dagoen sorkuntza jario etengabetik 32 lan hautatu behar izaten ditu 12-16 urte arteko gazteei zuzendutako eskaintza biltzen duen esku-orrirako, dozena inguru 0-12 urte arteko haurrei zuzendurikoan. Badok.eus Berriaren euskal musikaren atarian lan egiten jardundakoa, erreferentziagune gisa baliatu izan du webgune hau katalogoa.eus elikatzeko. “Astero argitaratzen ziren diskoen gainean egon naiz. Informazio asko nire ohiko lanetik jasotzen nuen.  Argitaratzen zihoana Katalogoaren webgunera igotzea”, horixe izan da bere egitekoa.

 

“Oreka bat mantentzen saiatzen gara”

Sarean ere lan bera egiten du Eskisabelek, baina hautaketa lan hain zorrotzik egin beharrik izan gabe. Bai autoekoizpenak, baita argitaletxeek plazaraturikoak ere, “denak igotzen ditut. Baina argitaratzen diren asko gero ez daude salgai online”. Hortxe lerrootan mintzagai dugun atariak duen muga saihestezina; webgunearen logika, erakusleihoa izateaz gain, euskarazko produktuok gero salerosketan jartzen dituzten argitaletxeetara bideratzea baita. Bistan denez, ordea, autoekoizpenen kasuan ez da posible. Horregatik, diskoen kasuan, katalogoan argitaratua izateko baldintza nagusia, betebeharreko euskararen irizpideaz gain, online salgai egotea da. Gainerakoan, bereizketarik ez du egiten, “ez estilo, jatorri, oihartzun, edota taldearen tamainaren aldetik. Halako oreka bat mantentzen saiatzen naiz”.

 

Ikusgarritasuna, hedapenerako giltzarri

Lanketa hau guztia zertarako baliagarria den galdetu diogu Eskisabeli. “Euskarazko ekoizpenari ikusgarritasuna ematen laguntzen du. Beharbada hori da katalogoaren helburu nagusietako bat”. Erakusteko dagoena ez da eskaintza urria. “Ekoizpen hori guztia zabaltzen laguntzea, ikusgarritasuna eman eta jendearengana heltzea, hori da helburu nagusia. Ikusgarritasun horrek emango dio gero ekoizpen horri bultzada, kontsumitua izateko aukera, jendeak hautatzeko modua izan dezan. Ikusgarritasunik gabe ez dago ezer”. Horregatik bere ustez, “inoiz baino beharrezkoagoa da ikusgarritasun hori bermatzea”.

 

Aisialdia euskaraz bizitzeko

Euskarazko Produktuen Katalogoa Nafarroan sortu zuten, euskara teknikariak biltzen dituen mankomunitatetik, aisialdirako dauden euskarazko produktuen berri eman asmoz gurasoei, eta sortze lanon salerosketa bultzatzeko, “azken batean, gaztetxo horiek aisialdia euskaraz bizitzeko”, Malores Etxeberria Hernaniko Udaleko euskara teknikari ohiak azaldu digunez.  Duen eskaintza eta hedadura aintzakotzat hartuta, Euskal Herrian bereizgarriok dituen proiektu bakar honetara batu ziren Buruntzaldea osatzen duten sei udalerrietako udalak. “Gustatu egin zitzaigun eta haiekin hartuemanetan jarri ginen, parte hartzeko aukera izango genukeen jakiteko”, eta halaxe hasi ziren, jada mende laurdena betetzear duen katalogoan esku-hartzen. Nafarroatik eskualde honetara jauzi egin zuen proiektuak. Eta denborarekin, Buruntzaldetik “Gipuzkoara,  Bizkaira eta Arabara zabaldu zen”.

Aztikerrekin eginiko azterlantxoak agerian utzi zuen katalogoak euskarazko produktuen salerosketetan bazuela eragina, eta beste datu esanguratsu bat; paperak agintzen zuela oraindik, digitalizazioaren aldeko apustua egin duten arren.

Egun, udalerri parte hartzaileen kopurua “kopuru politean mantentzen da”. Baina badira katalogoaren ordez, katalogoa.eus webguneak harpidetzen bidez eskaintzen duen pdf-a eskuratu nahi izaten duten udalerriak. Egitasmoaren bideragarritasunean eragiten du horrek, izan ere papereko edizioak ordaintzen ditu egitasmoaren gastuak. Dagoen eskaintza “erauntsi horretan leku bat bilatzea oso zaila da”, baina hor dirau mende laurdenez katalogoak. Halako izaera duen egitasmo bakarra Euskal  Herrian. Ibilbide luze honen gakoa nabarmendu digu Malores Etxeberriak. “Elkartzeak eta aurrez aurrekoak egiten du proiektuak aurrera ateratzea eta horrek badu balio bat”, 25 urte betetzear dituen Euskarazko Produktuen Katalogoak argi utzi duen moduan.