Zaintza Azoka

"Usurbil bada herri zaintzaile bat, baina zaintza egituratu behar dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 20a, 17:40

Zaintza izan du erdigunean larunbat honetan Usurbilek. Esperientzien, ezagutzaren, bizipenen truke azoka ospatu dute.



Herri honetan zaintza eredua iraultzeko, ekosistema berri eta propio bat eraikitzeko azken bi urteotan jorraturiko bide luzean egindakoa ezagutu eta plazaratzeko tartea baliatu dute larunbat honetan ospatu den azokan. Prozesu honetako bidelagunen topalekua izan da, eguna hasteko Sutegin eginiko mahai-inguruan agerian geratu den moduan. Protagonista hauen ahotik ezagutu dugu orain arte eredu berriaren lanketak Usurbilen jorratu duen bidea.

Lau lan talde osatuak dituzte eredu berri horren eraikuntzarako: komunitatea, gizarte zerbitzuak, pertsona erabiltzaileak eta zerbitzuak izeneko bilguneak. Azken lan talde honetako kidea da Marijo Lopez. Zerbitzuen bilgunean eginiko lanketak alor honetan dagoen koordinazio faltaz jabetzeko balio izan die. "Zerbitzuak ez daude konektatuak", eta koordinazio eta komunikazio egokirik gabe "pertsonen jarraipen handirik ez dago". Adinkeria eta estereotipoek duten indarra ere nabarmendu du. Zaintza eredu berri baterako bidean, abiapuntu gisa pertsona bakoitza maila indibidualean artatzeko beharra azpimarratu du.

"Herritarrok asko eman dezakegu"
Komunitateari lotutako lan taldean buru-belarri lanean dabiltza Maider Makazaga eta Elena Rikondo. Hasteko, komunitatea kontzeptu gisa definitu nahi izan dute. "Pertsona ezberdinez osatutako taldea, hainbat elementu komun dituena". Izan hizkuntza, ohiturak... Talde horretako "pertsonen artean hartuemana sortzen da, behar batetik" abiatuta. Harreman hori "ehun komunitarioa" dugu. Zaintzaren arloan, denok osatuko genuke ehun komunitario hori, Makazagaren esanetan, "denok dugu eta zeregina eta zeresana". Baina badira estrategikoak diren zenbait esparru; auzoetako bizilagun eta elkarteak, herri eragile eta elkarteak, boluntario sarea, merkataritza eta ostalaritza arloak edota politika sozial egokiak sustatuko dituzten erakundeak (Udala, Foru Aldundia...).

Zaintzaren bueltako ehun komunitarioak bete beharko lituzkeen funtzioak ere aipatu dituzte. Lehenbizikoa, komunitatearen eta zaintza beharrean direnen arteko zubi-lana egitea. Zaintza lana erakunde publikoen ardura ere baden arren, "herritarrok asko eman dezakegu" zioen Rikondok. Beharra bada eta. Geroz eta indibidualistagoa den gizartean bizi garen arren, pandemiak urteotan erakutsi digun moduan, "komunitatean egoteko beharra sentitzen dugu aldi berean. Jende asko dago zaintza komunitarioaren beharra duena".

"Prebentziotik lan egin beharrean, urgentziatik lan egiten dugu"
Behar horiek asetzeko ahaleginean, besteak beste, gizarte zerbitzuek ere hainbat erronka dituzte aurrera begira. Hauen inguruan hausnartu dute bi urteko prozesu honetan. Maider Irisarri Usurbilgo Udaleko gizarte langileak gogorarazi duen moduan, lan egiteko metolodogiaz hausnartzen aritu dira eta zer aldatua badela ikusi dute. "Artatzeko baliabideak zatikaturik ematen dira. Gure lan jardunera datozen egoerak oso larriak dira. Prebentziotik lan egin beharrean, urgentziatik lan egiten dugu". Testuinguru honetan, aurrera begirako hainbat erronkez hausnartu du. Batetik, zaintzaileen eta zaintza beharrean direnen arteko bizi proiektuak "nola uztartu gure baliabideekin". Bestetik, egoera zaurgarri batean den pertsonari bere indarguneetatik artatzearen garrantziaz eta nola bermatu bere bizi proiektuari segida ematea. Hirugarren ideia, integraltasunetik lan egiteko beharra azpimarratu du, gainerako eragileekin modu koordinatuan. Eta baliabideak pertsonen bizi proiektu eta beharretara egokitzearen garrantzia ere nabarmendu du.



"Pertsonak erdigunean jartzen dituzten esperientziak"
Erakundeetako ordezkariak ere eseri dira mahai-inguruaren bueltan; Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte politiketako departamenduko buru Maite Peña hain zuzen. Foru ordezkariak Gipuzkoako erakunde nagusitik azken urteotan arreta emateko modu berriak landu eta inplementatzen dabiltzala azaldu du. Arreta eredu berria lau zutabeotan oinarritzen dela dio: pertsonalizazioan, berrikuntzan, komunitatean eta erabiltzaileen partehartzean.

Peñaren esanetan, Gipuzkoan 15 dira zaintza eredua aldatzeko abian diren esperientziak; tartean Usurbilgoa. Guztiak, aipatu duenez, "Zaintza HerriLab" izeneko foru ekimenaren baitan. Zainketen tokiko ekosistemak sustatzen dihardute arlo honetan zer esana eta zer egina duten eragile ezberdinen arteko lankidetzatik. Esperientzia guztiok ezberdinak, anitzak izan arren, guztiek ezaugarri komun bat dutela dio; pertsonak erdigunean jartzen dituzten esperientziak dira. Hala izateko, Usurbilgoa bezalako prozesuen beharra nabarmendu du. Eta arlo honetan eragiten duten guztiak antolatu beharra, zaintza beharrean denari "nahi duen irtenbide duin bat emateko".



"Usurbilen ikusi nahi dut, bere jaioterrian"
Zaintza lanetan eta zaintza beharrean direnen ahotsa ere bildu du Sutegiko mahai-inguruak; bideoz hainbat herrikideena eta auditorioan bertan Izaskun Maiz eta bere anaia Josetxo ezagunarena. Izaskunek anaia Usurbilen betidanik oso babestua sentitu dela azaldu du esker onez. Herrian ezaguna izateak, herrian bertan duen harreman sareak bere egunerokoa modu autonomoan bizitzen lagundu diola. "Herri handiago batean ziurrenik ez zen posible izango". Orain ordea, aurrera begira jartzeko unea heldu zaie eta kezka agertu du Izaskunek, ez beregatik, anaiaren etorkizunagatik baizik. "Ez nau kezkatzen nirekin zer gertatuko den, bere bizitza hemen bermatzea nahi nuke. Usurbilen ikusi nahi dut, bere jaioterrian. Ez dakit nola gauzatu ordea". Erronka horren lanketa betean dira une honetan.

Lekukotza hau baliatuta marrazten zuen alkate Agurtzane Solaberrietak etorkizunari begirako erronka nagusia; "zer egin dezakegu Josetxok hemen bizitzen segitzeko?". Eta bera bezala, beste hainbat eta hainbat herrikide. Galdera horri argi erantzun dio; etxean zaindua izateko edo etxean bezala sentiaraziko duten ekipamenduetan bizitzea ahalbidetuta. Josetxorenak bezalako lekukotzek azaleratu izan duten moduan, "gure herria herri zaintzaile bat da, baina zaintza egituratu beharra dugu".

Horretarako, alkateak ezinbestekotzat jotzen du egungo udal barruko "ikuspegi departamentalista gainditzea", udalek sorreratik bere horretan mantendu duten egitura aldatzea. Usurbilgoa barne lanketa horretan ari da, "XXI. mendeko gizarte erronkei modu integral batetik erantzuteko", lankidetzako gobernantzaren norabidean. Kudeaketarako gune komun bat sortzea ere ezinbestekotzat jotzen du, egungo gizarteak dituen zaintza beharrei administrazioak soilik ezingo diela erantzun iritzita.

Eredu sostengarria, etxean edo etxean bezala sentiarazteko
Aurrera begirako erronkak horiek guztiak. Orain arte egindako bidea ere gogoan hartu nahi izan du alkateak, larunbat honetako Zaintza Azoka hasi berritan. Bi urteko parte hartze prozesu zabal baten emaitza eta ispilu izan baita asteburu honetako hitzordua. Lehen fasean arlo honetako eragile anitzekin sortutako bilgunea zaintzari buruz hausnartzen aritu zen; zer den zaintza, nola zaindu, zer baliabide dituen Usurbilek... Azken txanpara heldu den bigarren fasean, "egungo eredua zertan eraldatu beharko genukeen hausnarrean ari gara". Hori baitu helburu nagusia prozesuak; "iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatu nahi duen tokiko ekosistema bat osatzea, arlo komunitarioan eta administratiboan eragingo duena, justizia sozialean eta ongizate komunitarioan oinarriturikoa, zaintza behar duen pertsonaren nahiak erdigunean jartzeko bokazioa duena, Usurbilen errotua".

Zaintza arloko langile, eragile eta erakundeekin lankidetzan eta mende honetako erronka nagusi bati erantzungo diona; zaintzaren arloan gizarte honek dituen gabeziei. "Etxera begira dagoena edo etxean bezalako alternatibak edo ekipamenduak kontuan hartuko dituen" eredua sustatu nahi dute Usurbilen, horren lekuko Ugartondon eraikitzen amaitzen ari diren Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eta Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun bizilekuak. "Etxeetara begira gaude, zergatik? Badelako ebidentzia bat, zaintza behar duten pertsonen gehiengo zabal batek, esaten duela etxean zaindua izan nahi duela". Desio hori gauzatzea ahalbidetzeko lanean ari da herri hau.